Nola jaso zenuten pregoilari izateko gonbitea?
Vicente: Ez genuen espero, inondik inora. Herrien Jaialdi Kulturala prestatzen ari ginela jarri ziren udaleko ordezkariak gurekin harremanetan.
Jose: Jaialdia prestatzeko genuen bilerara hurbildu ziren udaleko kideak, eta bertan eman ziguten albistea: herriko kuadrillek eta gainerako jai-eragileek gu hautatu gintuzten pregoilari izateko. Guk ez genuen asko pentsatu, bileran bertan eman genien baiezkoa.
Jesus: Oso aitortza polita dela uste dugu.
Erabaki duzue zer den pregoian aldarrikatuko duzuena?
Jose: Lau etxeek herrian egindako ekarpenaren birpasa egingo dugu.
Manolo: Errepasoa egingo dugu, lehenengo etxea sortu zenetik gaur egun arte. Galiziako etxea izan zen lehenengoa, 1969an. Ordutik hona asko eta asko izan dira Laudiora bizitzera etorri diren andaluziarrak, galegoak, gaztelarrak eta extremadurarrak. 1970eko hamarkadan etorritakoen hirugarren edota laugarren belaunaldian gaude.
Vicente: Laudioko jaietako partaideak ere bagarela aldarrikatuko dugu. Gure jai propioak antolatzen ditugun era berean, herriko jaietan gure alea jarri nahi dugu, Laudioko etxeok antolatzen ditugun jaiak herri guztiarentzako dira eta.
Nolakoak izan ziren hastapen urte horiek?
Jesus: Laudiora etorritako andaluziarrak herriko hainbat tabernatan elkartzen ziren, guztiak batera egon eta babeslekua sortzeko asmoz. Kasualitatez, 1970eko San Roke Jaietan Andaluziako festetan jartzen diren txosna bat muntatu zuten. Hainbestekoa izan zen txosna horren arrakasta, hori izan zela Andaluzia Etxearen sorrera. Urte artako urrian sinatu ziren estatutuak.
1971n lehenengo lokala zabaldu zen, gaur egun Basalarrina dagoen lekuan, Abasto Plazan. 1983ko uholdeen ostean Latiorroko gaur egungo lokala erostea erabaki zuten. 1984an inauguratu zen gaur egungo lokala.
Vicente: Extremadurako Etxea 1977an sortu zen. Bakoitzak zekien apurra jarri zuen lokala atontzeko. Urte politak izan ziren.
Jose: Gaztela Leongo Etxea izan zen inauguratzen azkena. Asko aldatu dira etxeak. Lehenengo urteetan askoz itxiagoak ziren, baina egundoko lana egin da eta orain herriko jardueraren elementu garrantzitsuak dira.
Jesus: Lehen aterpe bat ziren kanpotik etorri eta herri berri batean, kultura berri batean murgiltzen ziren horientzat. Orain herriko bizitzan guztiz integratuta daude. Belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute.
“Andaluziatik, Galiziatik, Extremaduratik eta Gaztelatik etorritakoek ekarpen izugarria egin zioten herriari”
Zer ekarpen egiten diete diasporaren etxeek 1970eko hamarkadan etorritakoen ondorengo diren belaunaldi gazteei?
Jose: Erroak bizirik mantentzeko modua da. Gure kasuan, agian hirugarren edota laugarren belaunaldi horiek ezer gutxi dakite Gaztelako kulturaren inguruan, Laudion hazi direlako. Hori bizirik mantendu behar dugu.
Vicente: Kultura nahasketa bat da gurea. Gure seme-alabak, gu geu, euskaldunak gara. Baina sustraiak bizirik mantentzea ezinbestekoa dugu. Niretzako ezinbestekoa da Extremadurarekin ditudan lokarriak estu mantentzea.
Jarduera ugari egiten dituzue transmisio kulturala bermatzeko.
Manolo: Guk Zentro Galegoan doako gaita klaseak eskaintzen ditugu adibidez, eta jende asko hurbiltzen da. Galegoz idatzitako lanen liburutegi oso handia dugu ere. Behin Xuntak galego irakasle bat bidali zuen Laudiora, eta zur eta lur geratu zen gure bilduma ikustean. Ospakizun ugari ere antolatzen ditugu; maiatzean ospatzen dugun Galiziar Letren Jaia da Zentro Galegoaren urteko lehenengo jarduera garrantzitsua, eta arrakasta handia izan ohi du. Gero, uztailaren 25ean, Santiago Eguna ospatzen dugu. Azkenik, azaroan gaztainen jaia ospatzen dugu; Magosto.
Jose: Gaztela Leongo Etxean ere liburutegi oso handi bat daukagu.
Jesus: Guk gitarra eta dantza klaseak eskaintzen ditugu Andaluzia Etxean. Saiatu gara belaunaldi berrientzako ikastaro horiei ere buelta bat ematen, erakargarriagoak izan daitezen. Horri esker bada Andaluziako sustrairik ez duen baina etortzera animatu eta sevillana klaseetara apuntatu den gazterik ere.
“Ahalik eta ekintza gehienetan egoten saiatuko gara, ikus dadin gu ere bagarela herriaren eta festen parte!”
Zer eskaini diote lau etxe hauek Laudioko herriari?
Vicente: Gauza asko, nik uste: kultura, integrazioa…
Jose: Esku-lana, nagusiki, kanpotik Acerosera lanera etorritako milaka pertsonek eraiki dute Laudio.
Vicente: Laudiok 1970eko hamarkadan 7.000 biztanle zituen. Andaluziatik, Galiziatik, Extremaduratik eta Gaztelatik etorritakoek ekarpen izugarria egin zioten herriari. Auzo hau bera, Latiorro, kanpotik etorritakoek altxatu zuten.
Jesus: Lanera etorri ziren horiek izan ziren, gainera, herritar gehiago etortzeko zubi lanak egin zituztenak. Ekarpen izugarria izan dute emigratutako bizilagunek herriaren eta bailararen garapen ekonomikoan.
Manolo: Herrigintzari ere asko eman diogu. Laudio Ikastola sortu zenean, esaterako, lehenengo eskolak Zentro Galegoan eskaintzen ziren. Guk bageneukan espazio nahikoa bertan ikasleei eskaintzeko.
Eta etorkizunera begira jarrita, zer bide jarraitu behar dute Laudioko lau etxeek?
Jose: Belaunaldi gazteengana hurbildu behar gara gehiago, lehen aipatzen genituen hirugarren eta laugarren belaunaldi horietara. Beharrizanak eta interesak asko aldatu dira.
Jesus: Ekintzak dibertsifikatu behar ditugu. Ezin gara geratu sevillana eskoletan edo Rocioko koruetan. Belaunaldi gazteak erakartzeko ekintza berriak ari gara txertatzen orain gure egitarauan, lehen komentatu bezala.
Manolo: Guk duela gutxi ospatu dugu Galiziar Letren Jaia jaia. Bertan ere berrikuntzak txertatu ditugu gazteak erakartzeko, podcastak esaterako.
Jose: Argi duguna da ez ditugula gure sustraiak galdu nahi, hori da helburu nagusia.
Harreman ona izan da beti lau etxeen artean?
Vicente: Oso ona, ez da inoiz inolako arazorik egon. Kontrara, asko lagundu diogu elkarri. Extremadurako Etxea sortu genuenean bilerak Zentro Galegoan edo Salamanca tabernan egiten genituen.
Jesus: Andaluziako Etxeko lehenengo bilerak ere Galegoan egin genituen, horrela jasotzen du akta liburuak.
Jose: Giro ona egon da, eta niretzat garrantzitsuena da oraindik ere badagoela. Beti gaude elkar laguntzeko prest.
Nola ospatuko dituzue Laudioko Jaiak aurten?
Jose: Bereziak izango dira ziur. Ahalik eta ekintza gehienetan egoten saiatuko gara, ikus dadin gu ere bagarela herriaren eta festen parte. Guretzako ohorea da gu pregoilari hauatu izana.