Zumalakarregi etorbidera itzuliko dira barrakak aurten. Odeibar aparkalekua eta Baias kaleko bidegurutzetik Eroskiko biribilguneraino doan errepidea okupatuko dute atrakzioek. Gauzak hala, egun horietan autoak alboko kaletik (Goikoplaza) igaro beharko dira.
Gunea abuztuaren 11tik 28ra egongo da martxan, eta bidai bakoitzak 2,5 euroko prezioa izango du, bi egunetan salbu: abuztuaren 22 eta 28an 1,5 euro balioko dute sarrerek, “txikien egunak” izango direlako.
Hala jakinarazi du Udalak prentsa-ohar baten bidez. Tokiko erakundeak bilera ireki bat egin zuen uztailaren 27an, zonaldeko bizilagunak gonbidatuta. “Bileraren ondoren, bizilagunek, Udalak eta barraketako arduradunek jaiegunetan 01:30ean jarduera etetea erabaki zuten, eta 23:00etan gainerako egunetan”, zehaztu dute prentsa-oharrean, “atrakzioen musikaren bolumena ere jaitsi egingo da jarduera gelditu baino ordubete lehenago”.
Horrez gain, Amurrion iaz abiatutako ekimena bere egingo dute barraketako arduradunek. Abuztuaren 20, 22 eta 28an musika eta soinu zaratatsurik gabe funtzionatuko dute 17:00etatik 19:00etara, “autismo-arazoak dituzten haurrentzat, zaratak bereziki eragiten baitie”.