Noiz eta nola sortu zenuten Jalgi kuadrilla?
Hiru lagun-talde ezberdin elkartu gara, adin ezberdinetako 26 pertsona guztira. Noizbehinka jai ezberdinetan elkartzen ginen, giro ona geneukala ikusi eta azkenean kuadrilla berri bat osatzea erabaki genuen, Laudioko Jaiak hurbiletik bizitzeko.
Zer dela eta erabaki duzue Suziri Jai Batzordearen barruan sartzea?
Jaietaz gozatu ez ezik, besteek ere gozatzeko jaiak sortu behar direlako. Beraz, guk ere gure ekarpena egin nahi dugu.
Garrantzitsua da jaien antolakuntzan modu aktiboan parte hartzea? Zergatik?
Noski. Inork ekintzarik antolatuko ez balu, ez lirateke jaiak egongo. Modu berean, ekintzak egon baina inork parte hartuko ez balu, jaiak galduko lirateke. Horregatik, garrantzitsua da guztiok parte hartu eta jaiak sustatzea, jaiek bizirik iraun dezaten!
Laudion hainbat urtez ez da kuadrilla berririk eratu, baina orain bapatean hainbat kuadrilla sortu zarete. Zergatik izan dela uste duzue?
Belaunaldi aldaketaren kontua dela uste dugu. Esparru guztietan gertatzen den moduan, epealdi zehatz batetan belaunaldi aldaketa hori geldirik geratzen da eta, bat batean, aldi berean, jende berri guztia sartzen da, nolabaiteko 'suziri' baten ondorioz. Kasu honetan, suziri hori jende talde bat koadrila berri bat sortzean ematen da. Izan ere, koadrila bat sortzeak, inguruko jendea koadrila berriak sortzera eraman du.
"Epealdi zehatz batetan belaunaldi aldaketa hori geldirik geratzen da eta, bat batean, aldi berean, jende berri guztia sartzen da, nolabaiteko 'suziri' baten ondorioz"
Belaunaldi gazteak sartu zarete jaien antolakuntzan. Ezberdintasunak sumatzen dituzuen zuek sustatu nahi duzuen jai ereduaren eta orain arte egon denaren artean? Zer aldatu nahiko zenukete orain arteko jaietatik?
Ezberdintasunak nabariak direla agerikoa da baina 'normala' dela uste dugu. Izan ere, urteak aurrera doazen heinean jendearen pentsatzeko eta izateko era ere aldatu egiten da. Gauzak horrela, ez dugu uste jai eredua eta antolakuntza moduaren oinarriak aldatu direnik. Izan ere gure balioak antolakuntza parte hartzailea, jai eredu parteartzailea eta herriaren gozamena dira batik bat.
Kuadrilla moduan biziko dituzuen lehen jaiak izango dira hauek. Zer espero duzue festa hauetatik?
Gure lehenengo kuadrilla-jaiak izanik, jende guztia gustora egotea, gure ekintza ondo ateratzea eta batez ere disfrutatzea espero dugu. Gure ekintzak 'Laudio Konkis' du izena eta Lamuzako parkean abuztuaren 16n eramango dugu aurrera. Ekintza horretan hainbat proba burutuko dira Laudioko jende desberdinez osaturiko lau taldeen artean. Laudioko “lehenengo konkistatzailea” izatea izango da helburua.