Kaleko giroa izan da nagusi gaur Laudion. Goizean txirrindulari lasterketak eta gastronomia txapelketak alaitu dute herrigunea. Arratsaldean, aldiz, Latiorrora mugitu da giroa, bertan egin baita San Roke Karting lasterketaren lehen edizioa.
Ehunka lagun bildu dira auzoko zelaietan, eserleku zein edariz horniturik, eta bertan igaro dute arratsaldea, auzoa zeharkatzen zuen zirkuituari so. Gidari ugari aritu dira aldapa eta kurbak ahal bezain ongi gainditzen. Kolpeak egon dira, baina aparteko istripurik gabe. Antolatzaileak pozik azaldu dira ekimenak izandako harrerarekin, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa dutela adierazi dute.