TXINPARTA KUADRILLA

"Tradizio batzuk bidezkoak ez badira, aldaketa sustatu behar da"

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 23a, 06:00

Txinparta kuadrillako kideak, txupinazoan.

TXINPARTA kuadrilla ere aurten estreinatu da Laudioko Jaietan. San Roke hauek nola biziko dituzten kontatu digute. 

Noiz eta nola sortu zenuten Txinparta kuadrilla?

Aurreko urtean beste kuadrilletako kideek esan ziguten kuadrilla berriak sortu behar zirela. Horri buruz pentsatzen hasi ginen eta iruditu zitzaigun prest geundela kuadrilla berri bat sortzeko. Gogoak sartu zitzaizkigun eta orduan hartu genuen erabakia. Gure lagun taldeez aparte, beste kuadrilla batzuekin hitz egin genuen eta azkenean pertsona nahiko bildu ginen.

Belaunaldi berdinekoak gara denak, 2001, 2002 eta 2003. urteetakoak, 35 pertsona, gutxi gorabehera. 

Zurrumurru bat iritsi zitzaigun, kuadrilla batzuk desagertuko zirela edo zahartzen ari zirela zioena, eta horrek eragina izango zuela ekintzen desagerpenean. Horregatik erabaki genuen gure kuadrilla sortzea, horri aurka egiteko eta giro gazteago bat ekartzeko helburuarekin.

Zer dela eta erabaki zenuten Suziri Jai Batzordean sartzea?

Gure ustez, kuadrilla bat sortzearen helburu nagusia da Laudioko Jaiei giroa ematea eta egiten diren ekintzetan jarrera parte hartzailea izatea. Hori egiteko ilusioa geneukan eta hori izan zen kuadrilla sortzeko arrazoietako bat, jaiak beste ikuspuntu batetik bizi eta esperimentatzeko.

Horretarako, ezinbestekoa zen Jai Batzordean sartzea, ekintzen berri izateko eta Udalarekin harremanetan egoteko.  

Zuena ez da aurten sortu den kuadrilla bakarra.

Lehen esan dugun bezala, guri heldu zitzaigun kuadrilla berriak sortzeko beharra zegoela, eta imajinatzen dugu beste kuadrillei ere antzeko mezuak helduko zitzaizkiela. Logikoa da betidanik ezagutzen ditugun kuadrillak zahartzen diren heinean belaunaldi gazteagoek kuadrilla berriak sortzea.

Belaunaldi gazteak sartu zarete jaien antolakuntzan. Ezberdintasunak sumatzen dituzuen zuek sustatu nahi duzuen jai ereduaren eta orain arte egon denaren artean?

Dudarik gabe, gazteagoak izanda, ekidinezina da perspektiba berriak eta gauza berritzaileagoak eskaintzea jaiei. Baliteke eraso matxistak eta bestelako erasoak gehiago kontuan hartzea orain. Horrez gain, ikusten dugu ekintzak iragartzeko sare sozialen erabilera askoz hedatuago dagoela.

Jai eredu bidezkoago bat bermatzea gustatuko litzaiguke, zentzu guztietan. Horren adibide nahiko adierazgarria da animalien erabilera. Animalien erabilera gutxitzea gustatuko litzaiguke. Berez, urtez urte desagertzen joan den gauza bat izan da hori. Zekorketak jada ez dira egiten, aurten entzierro txikia kendu dute... gauza horiek gradualki aldatzen joan dira eta ez dira horrenbeste faltan botatzen ulertzen delako aldaketa horiek beharrezkoak direla. Tradizio batzuk bidezkoak ez badira, aldaketa sustatu behar da. 

"Jai eredu bidezkoago bat bermatzea gustatuko litzaiguke, zentzu guztietan. Horren adibide nahiko adierazgarria da animalien erabilera"

Laudioko Jaien helburu nagusia herritarron gozamena eta ongizatea da, baina horrek ez du beste izaki bizidunen ez inoren sufrimendua ekarri behar. 

Kuadrilla moduan biziko dituzuen lehen jaiak izango dira hauek. Zer espero duzue aurtengo sanrokeetatik?

Jai hauetatik espero duguna batez ere da jaien parte izatea, barrutik sentitzea zer den ekintzetan parte hartzea. Ez ditugu kanpotik ikusi nahi, hori baita aurreko jai guztiak ikusteko izan dugun modua: herritar moduan, ez horrenbeste funtzionamenduan parte hartuz eta ekintzetan barnetik ibiliz. 

Kuadrilla bezala ekintza berri bat asmatu dugu. Funtsean, ginkaka bat egingo dugu. Hainbat taldek probak egin beharko dituzte eta horiek gainditzean pistak jasoko dituzte. Jolasean irudikatuko dugu gure kuadrillaren maskota den txakurra, 'Txispi', galdu egin dela. Ginkanan parte hartuko duten taldeen 'Txispi' aurkitzen lagunduko digute, ibilbide bat jarraituz. Maskota berreskuratzen laguntzen digun taldeak jasoko du saria. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide