Ezohiko gonbidatu batzuk izan zituen Laudioko Jaien lehen zatiak. Lau zinemagile gazte (Juan, Jie, Patrizia eta Aitana) festen hainbat unetan egon ziren presente, kamara, foku eta mikrofonoak eskutan. Patxi Urkijo zinemagile laudioarra izan zuten gidari uneoro. Berak jaso zuen jaietako lehen bi egunetan dokumental txiki bat osatzearen proposamena, Antzinako Kuadrillen partetik. Izan ere, jai bereziak bizitzen ari dira talde horretako kideak, txupinazoa jaurtitzea egokitu baitzitzaien.
Urkijok eta bere lan-taldeak udaletxe zaharreko zein berriko balkoietatik grabatu zuten une hori, eta festen beste hainbat momentutan ere egon ziren. "Kuadrillen topaketaren ibilbidea jarraituz egin genituen grabaketak", azaldu dio Urkijok Aiaraldea Komunikabideari, "gosaria Iluntze tabernan, gero txupinazo eta kalejira, txosnen irekiera ekitaldia, Zubiko Kurajo kaleko DJak, entzierroa eta Los Yumas taldearen kontzertua".
Aipatutako ekintza horien irudiak sartuko dituzte dokumentalean, baina ez hori bakarrik. Artxiboko irudiak ere baliatuko dituzte, iraganaren eta orainaren arteko zubia egin eta antzinako kuadrillak gogora ekartzeko.
Urkijok ez daki oraindik zenbat denbora beharko duten lana amaitzeko, "gutxienez hiru hilabete" beharko dituztela kalkulatzen du, "agian denbora gehiago". 15 minutuko filma osatzea aurreikusi dute, baina ez dute baztertzen ezta bertsio labur eta "zehatzagoak" osatzeko aukera, "talde bakoitzaren historia gogora ekartzeko".