Urtero jaietako kuadrilla bati egokitzen zaio sanrokeetako txupina piztea. Aurten, aldiz, hainbat kuadrillari egokitu zaizue, ‘Antzinako Kuadrillen’ kolektiboa osatzen duzuenei, hain zuzen. Nola jaso duzue albistea?
Oscar Gomez Uribarri: Suziri Jai Batzordeko kideek bidali ziguten mezua. Harriduraz jaso genuen lehenbizi, baina oso eskertuta gaude, ilusio handiarekin. Kolektiboan badugu lantalde bat, eta bertara eraman genuen proposamena. Bertako batzarrean aho batez adostu zen gu biok izango ginela suziria piztuko genuenak. Dena den, kontuan izan behar da, suziria gu biok piztu arren, txupinazo berezia izango dela…
Agustin Diaz Gutierrez: Hala da. Ez gara norbanako moduan igoko balkoira, antzinako kuadrilla guztien ordezkari moduan baizik.
O.G.U.: 1960 eta 1990 urteen artean Laudion egondako kuadrilla guztietako ordezkariei luzatu diegu gonbita. Batzuek erantzun dute eta beste batzuek ez, baina harrera nahiko oparoa egon da. Gauzak hala, abuztuaren 15ean hainbat kuadrilletako ordezkariak igoko dira balkoira.
Ez zarete bakarrik egongo, beraz.
A.D.G.: Ez. 1990era arte egondako kuadrilla bakoitzeko pertsona bat igotzea nahi dugu, gutxienez. Urte horretan jarri dugu muga nonbaiten jarri behar zelako…
O.G.U.: Nagusitxoenak garelako (barreak). Gazteagoak direnek oraindik ez dute euren burua ‘Antzinako Kuadrillen’ kolektiboan ikusten, normala denez.
Bueno, zuen garaiko zenbait kuadrillak ez diote inoiz aktibo egoteari utzi. Hor daude Zoroak edo Galtzagorri, adibidez.
O.G.U.: Bai, baina kide historikoak jada ez daude kuadrillako egunerokoan, eta batzuetan badatoz gure ekintzetara.
2016an ekin zenioten Laudioko kuadrilla historikoetako kideak batu eta elkarrekin egitarau propioa atontzeari.
O.G.U.: 2015eko udazkenean sortu zen ideia. Gogoak piztu zitzaizkigun, urte askoren ostean. Lantalde bat eratu genuen hainbat kideren artean eta forma hartzen joan zen. 2016ko maiatzerako jada bazegoen taldea eratuta, eta urte horretako sanrokeetan atera ginen lehenbiziko aldiz.
Zazpi urte igaro dira ordutik hona. Paradoxikoki, badaude kuadrilla historiko batzuk ibilbide luzeagoa egin dutenak ‘garai berrian’ euren jatorrizko garaian baino. Nola baloratzen dituzue urte hauek?
A.D.G.: Egia da hori. Positiboki baloratzen dugu eginiko ibilbidea. Beldurrarekin hasi ginen, ez genekielako zer gertatuko zen, baina ikusi da jendeak erantzun duela eta eroso egon dela. Oso ondo pasatu dugu urte hauetan, abuztuaren 15ean eta 16an, batez ere.
O.G.U.: Dena ematen dugu. Hori bai, 17rako birrinduta gaude (barreak). Jai batzordeko gazteek arrazoi osoz esaten digute bolbora agortu egiten zaigula, baina nagusiak gara!
A.D.G.: Eta goizetik ateratzen gara, gainera. Hamaiketakoa egiteko geratzen gara, kalejira egiten dugu eta gero bazkaria. Dantza egiten dugu eta topera gabiltza… gorputzak ematen digunera arte.
O.G.U: Gaueko bederatzietarako ohean (barreak).
“Guk ez dugu dagoen jai giroa ordezkatu nahi, baizik eta handitu. Bakoitzak bere erara gozatzen du, gazteek euren erara eta guk gurera”
Abuztuaren 16a da zuen egitarauko egunik indartsuena, ez?
A.D.G.: Bueno, eta baita 15a ere. Txupinazoko kalejiraren ostean taloa jaten dugu Zubiko Kurajo inguruan, diskodantza eta musika taldearekin batera. Aurten ere antzeko eskema mantenduko dugu.
Zer mezu helaraziko duzue txupina jaurti aurretik?
O.G.U.: Idazkia prestatua dugu. Jendeak ondo pasa dezan aldarrikatuko dugu, eta errespetuan oinarritutako jaiak izatea. Gaur inoiz baino gehiago, jendea errespetatu behar da, eta gozatu.
Azken finean, Laudioko jaiak gure jaiak dira, eta girotu egin behar ditugu, nagusiok gure modura eta gazteek euren erara.
Bukatzeko, jende nagusiari askotan botatzen zaion galdera bat: asko aldatu dira Laudioko jaiak azken hamarkadetan?
O.G.U.: Aldatu egin dira. Osatu dugun idazkian hori nabarmentzen dugu: guk ez dugu dagoen jai giroa ordezkatu nahi, baizik eta handitu. Bakoitzak bere erara gozatzen du, gazteek euren erara eta guk gurera.
Guk askoz gehiago jotzen dugu txistu, danbolin eta trikitia, hori baita betidanik bizi izan duguna. Gazteek, aldiz, elektrotxarangak nahiago dituzte. Guk ere gogoko ditugu, tartean sartzen gara batzuetan (barreak). Giro ezberdinak dira, baina elkar osatzen dute.
Gainera, badirudi badagoela belaunaldi aldaketa, ezta? Aurten zazpi kuadrilla berri sartu dira Jai Batzordean.
O.G.U.: Hori da. Laudioko jaiek badute bizitza.