Gaur ekin diote ikasturte berriari Laudioko pentsiodunek. Astelehen guztietako dinamikari jarraiki, Herriko plazan bildu dira, baina ez dira bakarrik egon. Autoglas-Glavistako langileak batu dira elkarretaratzera, eta hitza hartu dute, bizi duten egoerari buruzko azken albisteak partekatzeko.
Berez, langileek ez dute iragan astean baino informazio gehiago zabaldu. Berriz nabarmendu dute berebizikoa izango dela irailean gertatzen dena, hilabete amaieran agortuko delako egun indarrean dagoen Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea, eta litekeena delako horren ostean langile guztiak kaleratzeko prozedura abiatzea, aurretik egoera bideratzen ez bada.
Gauzak hala, mobilizazioei ekingo dietela errepikatu dute beharginek, eta nabarmendu dute instituzioetara ere joko dutela. Pentsiodunek, euren aldetik, elkartasuna helarazi diete kaleratzeko arriskuan dauden 240 langileei.