Dozenaka lagun bildu dira gaur iluntzean Laudioko Herriko plazan deitutako elkarretaratzean. ANkerkeriari Stop plataformak antolatu du protesta, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako espetxeratze agindua salatzeko. Euskal Herri osoko dinamika baten barruan kokatu dute ekimena. Izan ere, gaur hainbat mobilizazio egin dira Euskal Herri osoan bi gazteen aurkako auzia salatzeko, eta bide mozketa zein kateatzeak ere egon dira Bilbo, Gasteiz edota Hernanin, besteak beste.
Laudioko zitan, antolatzaileek elkartasuna adierazi nahi izan diete 4 urteko kartzela zigorra bete beharko duten bi gazteei, eta irailaren 30ean Gasteizen egingo den mobilizazio nazionalera bertaratzeko deia zabaldu dute.