Pasa den astean greba abiatu behar zuten Arabako Euskaltel enpresako dendetako langileek (Gasteizen eta Laudion) eta lehen lanuztea irailaren 21ean zegoen deitua. Dena den, aurreakordioa ozta-ozta lortu zutenez, bertan behera utzi zuten aurreko asteko protesta.
Gauzak horrela, gaur eta bihar egin behar zituzten beste bi lanuzteak, baina atzo bertan berretsi eta sinatu zuten hitzarmen berria.
Gogoratu beharra dago gatazkaren muina Arabako sektoreko lan hitzarmena zela, 2008tik blokeatuta baitzegoen, berritu gabe.
Aintzat hartuta langileen oinarrizko soldata 1.020 euro zirela -hau da, gutxieneko soldata baino apur bat gehiago- eta azken urteetako prezio gorakada, langileek exijitzen zuten %23ko soldata igoera eta bost urteko atzerapenak, baita KPIa urtero eguneratzea ere.
Irailaren 20a baino lehen zuzendaritzak %16ko soldata igoera eta aparteko bi ordainsari jarri zituen mahai gainean, baina ez zegoen bermerik eskubide horiek mantentzeko. Hori bai, egun horretan bertan gaitasuna izan zuen langileen artean adostasuna sortzeko.