Lezeaga Aretoan aurkeztu dute 2023-2024 ikasturtean Laia Laudiok izango duen egitaraua. Iaz jaio zen Laia Laudio “emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko helburuarekin”. Nagore Gomara Laudioko Udaleko Gobernantza Feministako zinegotziak eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakariak ireki dute aurkezpen gala jendez lepo zegoen aretoan.
Nagore Gomarak azaldu du herriko jabekuntza eskola “emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko” pentsatuta dagoela eta, zentzu horretan, adierazi du “emakume sentitzen diren horientzako espazio seguru bat” izatea lortu beharko dugula “guztion artean”. Gobernantza Feminista martxan jartzearen helburua “herri eta gizarte justuagoa, anitzagoa eta kohesionatuagoa” lortzea dela azaldu du eta erronka berriaren lehenengo mugarria Emakume Anitzen Kontseilua martxan jartzea izango dela.
Gomararen eta Castresanaren hitzartzeen ostean Virginia Imaz clownak akelarre inprobisatu batean parte hartzera gonbidatu ditu ikusleak eta barrez leherrarazi ditu Akelarre antzezlanarekin, eta amaitutakoan mokadu eskaintza zabala dastatzeko aukera izan dute.
Hemen kontsultatu daiteke Laia Laudioren egitaraua Aiaraldeko programaren barruan.