Hasteko, zer moduz joan zen 'Txao Titis' jaialdia? Helburuak bete zenituzten?
Helburuetako bat zen xede zehatz baterako dirua lortzea, eta alde horretatik aurreikuspenak gainditu ditugu. Jendea asko inplikatu da ekonomikoki. Espero genuena baino jende gehiago bertaratu zen jaialdira, eta egitarauan zeuden gauza guztiak aurreikusi bezala atera ziren, eta hori sekulako plazerra da. Horrez gain, batzuk esan digute oso gustura egon zirela. Espazioa ere oso ondo egon zen, Orbeko Etxeko kideak erabat inplikatu baitziren ekimenean. Balorazioa oso positiboa da orokorrean, eta horri gehitzen badiogu antolakuntza taldeak aurretik eta egunean bertan eginiko lana, makineriak bikain funtzionatu zuela esan dezakegu.
Nondik sortu zen jaialdia egitearen beharra?
Jaialdiaren ideia sortu zen nik mastektomia egitea erabaki nuelako eta, hainbat arrazoi medio, osasun sistema pribatutik egitea erabaki nuelako, horrek dakarren pisu ekonomikoarekin, nahiko zaila pertsona bakar batek bere gain hartzeko. Bageneukan Bilboko lagun baten erreferentzia, iaz antzeko jaialdi bat egin zuena asmo berarekin. Orduan, esperientzia hura kontuan hartuta, erabaki genuen kolektiboki zeozer sortzea eskualdean. Horrela sortu zen ideia, eta hortik aurrera garatu dugu, modu asanblearioan. Modu kolektiboan sortutako egitasmoa izan da, ez modu pertsonalean. Horrela sortu zen jaialdiko egitaraua.
"Niretzat behintzat beldurgarria izan da pribatuaren aldeko apustua egitea"
Zer dela eta erabaki zenuen mastektomia egitea? Eta zergatik klinika pribatu batean?
Mastektomia bat egitea titiak kentzean datza, funtsean, eta ebakuntza hori hainbat arrazoiengatik egin daiteke. Bularreko minbizia izatea da arrazoi ezagunena, baina jende transmaskulino askok ere erabakitzen dugu titiak kentzea, gorputz-atal horrek deserosotasuna sortzen digulako, gehienbat gizarte honetan ez digutelako erakutsi pertsona transmaskulino batek titiak izan ahal dituela.
Ebakuntza plastiko bat da, Osakidetzako Genero Identitate Unitatearen bidez kudeatzen dena. Gure erkidegoaren kasuan unitate hori Gurutzetako ospitalean dago zentralizatuta, bakarra daukagu. Medikuntzako hainbat agente daude bertan: endokrinoa, psikiatra, zirujaua, erizainak eta abar. Berez, zerbitzu horretan bermatu behar dizute mastektomia bat egitea, zuk behar baduzu.
Zer gertatzen da? Ez dela horrela. Alde batetik, ebakuntza egiteko arazoak jarri ahal dizkizute, adibidez, ez baduzu hormonatu nahi. Gizon peto-petoa izatea eskatzen dizute, eta ez dago beste aukerarik. Bestetik, oso lodifoboak dira, gorputz zehatz bat izatea eskatu ahal dizute ebakuntza baimentzeko.
Eta gero, aurretik esandakoa: oso sistema bitarra da. Bi aukera daude: emakume trans bat izatea edo gizon trans bat. Pertsona ez-bitar bat bazara ez zara sistema horretan sartzen. Horren aurrean, bi aukera daude. Lehena, ez-bitarra zarela esatea eta genero unitateko zirkuitutik kanpo geratzera arriskatzea (ezagutzen ditut halako kasuak), edo antzerkia egitea. Nik bigarrenaren alde egin nuen, zerbitzu hori behar nuelako, hormonazioaren aferarako, batik bat. Erabaki nuen gizona nintzela esatea eta perfomance osoa egitea, horrek dakarren guztiarekin. Gizon peto-petoa behar duzu izan, txikitan autoekin jokatzen zenuela eta futbola gogoko zenuela esanez. Nahiko gogorra da, orduak eta orduak hitz egin ahalko nuke horri buruz.
“Pertsona ez-bitarra bazara bi aukera dituzu Osakidetzan: ez-bitarra zarela esatea eta genero unitateko zirkuitutik kanpo geratzera arriskatzea edo antzerkia egitea. Nik bigarrena aukeratu nuen”
Behin mastektomia egitea onartzen dizutenean, gertatzen da sistema publikoaren esparru guztietan gertatzen dena: itxaron-zerrenda nahiko etsigarriak daudela, horrek emozionalki dakarren guztiarekin. Baina, horrez gain, sekulako triskantzak egiten dira. Nahiko gutxi axola zaie trans pertsonen bizitza kalitatea. Argudiatzen dute eurak ez direla zirujau estetikoak eta titiak kentzera mugatzen direla, ez dela euren ardura gero itxura aldetik nola geratzen den. Ezagutzen ditut titiburuak erori zaizkien pertsonak. Geratzen diren orbainak ere izugarriak dira, beldurrezko istorioetakoak dirudite, eta horrekin egon behar zara bizitza osoan, ez da edozein lelokeri.
Aipatutako gauza guztien baturagatik erabakitzen dugu batzuk ebakuntza pribatutik egitea. Hor atzean dagoena da sistema publikoan dauden zirujau berdinak daudela pribatuan, negozio paralelo hori dutela eta, sorpresa: pribatuan emaitzak askoz hobeak dira, ez dago itxaron-zerrendarik eta arreta askoz pertsonalagoa eta gertukoagoa da. Eta zirujauak berdinak dira, kasu askotan. Osasunaren beste esparru batzuetan gertatzen den gauza bera gertatzen da kasu honetan ere.
Niretzat behintzat beldurgarria izan da pribatuaren aldeko apustua egitea. Badakigu sistema publikoaren alde egin nahi dugula eta pribatua abolitu eta minimoan utzi, jende aberats eta pijoarentzat baino ez. Baina, aldi berean, horren alde egiten dugu, prekarioak izanda gainera. Ni zentzu horretan pribilegiatua naiz, izan dezakedalako pertsonalki dirua lortzeko moduren bat eta badaukadalako sare bat Orbekoko jaialdia bezalako dinamika bat sortzeko. Baina jende askok ez du aukera hori, eta bere gorputza arriskuan jarri behar du sistema publikoan. Gainera, modu honetan pribatuen munstroa elikatzen dugu, eta betiko jokoan erortzen gara, baina tira.
“Sistema publikoan benetako triskantzak egiten dira. Atzean dagoena da sistema publikoan dauden zirujau berdinak daudela pribatuan, negozio paralelo hori dutela eta, sorpresa: pribatuan emaitzak askoz hobeak dira”
Dena den, gauza bat utzi nahi dut argi: pertsona trans guztiak ez dira pasatzen prozesu mediko batetik. Badago trans jende asko ez duela nahi/behar hormonatu eta ez duela nahi/behar ebakuntza batetik pasatu, eta trans esperientzia hori beste edozein bezain zilegia da.
Nik askotan sinistu dut ‘trans on eta benetako’ eta ‘trans txar edo gezurrezkoaren’ istorioa, eta kontu hori ez da egia. Osasun sistema publikoa askotan aipatzen ari gara elkarrizketa honetan nire kasu pertsonalean eragina izan duelako, baina hori baino ez. Nirea ez da egun batetik besterako erabakia izan. Urteak egon naiz pentsatzen erabaki horiek hartu edo ez.
Zorionez, geroz eta erreferente gehiago ditugu. Trans pertsona zaharragoen bizipenak irakurri ditut, eta kontatzen dute nola euren garaian erreferente bakarra La Veneno zen. Sekulako erreferentea da, baina oso modu zehatz batekoa ere bai: denak igarotzen ziren ebakuntza eta prozesu medikoetatik.
Gaur egun baditut bestelako erreferente batzuk, nire inguruan horietako asko, eta inoiz izan dudan zorte-kolperik onena iruditzen zait. Badaude titiak kendu nahi ez dituzten gizon transak, jende ez-bitar oso maskulinoa makillatu eta soinekoak janzten dituena, zakila edo bizarra duten emakume transak… horrelako erreferenteak ezagutzeak asko lasaitzen zaitu zure erabaki propioak hartzerako orduan, eta genero-arauak hausten ditu, nahiko modu interesgarrian, gainera.
Orain Aiaraldean eztabaidagai dago zer osasun azpiegituak beharko liratekeen zonaldean, Laudioko anbulatorio berriaren eraikuntzari lotuta batez ere. Zure ustez, trans pertsonentzako osasun azpiegitura gehiago beharko lirateke hemen?
Hasteko, dagoen arazo nagusia da Genero Identitate Unitateko zerbitzu bakarra dagoela autonomia erkidego osoan.
Gizarte honetan orokorrean jendeak ez daki gauza askorik trans esperientziei buruz, gure burbuilatik kanpo. Mediku zerbitzuan are gutxiago, azalpenak eman behar dituzu denbora osoan. Hori hasteko.
Nik egin nuen ibilbidea izan zen nire familiako medikuarekin hitz egitea. Zorte handia izan nuen, oso jatorra izan zen eta ez zidan ezer zalantza jarri. Esan nion: "Aizu, pertsona trans bat naiz eta nahiko nuke zita bat genero unitatean". Berak paperak bete zituen eta esan zidan uneren batean deituko zidatela. 7-8 hilabete igaro ziren deia jaso arte. Zita eman zidaten eta orduan igaro nintzen Gurutzetako endokrinoarekin egotera. Hori izan zen nire ibilbidea.
"Gurutzetan dago erkidegoko genero unitate bakarra, horrek dakarrenarekin. Baina agian soluzioa ez da Genero Indentitaterako Unitate gehiago sortzea, dagoena apurtzea baizik"
Esan bezala, Gurutzetan dago erkidegoko genero unitate bakarra, horrek dakarrenarekin. Nik gutxi tardatzen dut trena eta metroa hartuta edo kotzez joanda. Badut lagun bat Genevillan bizi dena, Kanpezu ondoan, Nafarroako mugan, eta berak egun osoa galdu behar du bertara joateko, eta diru asko gastatu garraioan.
Bestetik, interesgarria da ere Orbekoko mahainguruan Bek (hizlarietako batek) bota zuen ideietako bat: agian unitate horrek ez duela zentzurik. Zuk behar duzuna endokrino bat baldin bada baliteke zure anbulatorioan bertan bat egotea, herritarrak ezagutzen dituena, zure inguruko errealitatea ezagutzen duena, askoz arreta pertsonalagoa emango dizuna... zergatik behar du pertsona trans batek berarentzako unitate zehatz bat? Zerbitzu psikologikoa behar baduzu ere izango duzu zuri dagokizun bat (Osakidetzako zerbitzu psikologikoa ere beldurgarria den arren). Behar duzula zirujau bat? Ba hanka batean ebakuntza bat egin beharko bazenu bezalaxe. Ulertzen? Zure herrian dagoen zerbitzu bat eskaintzea, askoz pertsonalizatuagoa, ekonomikoki bideragarriagoa eta emozionalki ere askoz hurbilagoa izango litzatekeena. Klabea, beraz, agian ez da Genero Indentitaterako Unitate gehiago sortzea, dagoena apurtzea baizik.
'Txao Titis' jaialdira itzuliz, bertan eskaini zenuten mahainguruan asko landu zenuten hiria VS landa eremua dikotomia. Zu Laudion bizi zara, baina askotan jotzen duzu Bilbora. Bizigarria da Aiaraldea trans pertsonentzat?
Laudio herri bat da Bilborekin alderatuta, eta egia da zentzu horretan oso herri garela. Denok ezagutzen dugu elkar… baina maila ezberdinak daude. Nik 15 urte nituenean eta plazaratu nuenean bollera nintzela uste nuen munduko bollera bakarra nintzela, ez nuelako besterik ezagutzen. Adin horretan ez nintzen Laudiotik asko ateratzen, eta ezagutzen nituen bollera bakarrak futbolari esker ezagutu nituen, Ugaon. Orain aldatu egin da egoera. Nire ahizpak ni baino sei urte gutxiago ditu, eta bere belaunaldian askoz jende gehiago ikusten dut zalantzan jartzen heteroa izatea edo sexu identitatea. Ikusten dut jendea askoz “askeago”, kakotx guztiekin, baina gero jende horrek askotan hirira joaten jarraitzen du parranda egitera. Guk gure garaian baino espazio gehiago okupatzen dute herriko kaleetan eta jai-eremuetan, baina parranda botatzeko ez dago tokirik. Orduan, zure mikro-munduak eratu behar dituzu, iragan larunbatean Orbekon egin bezala, edo bestela hirira jo behar duzu.
"Ez da horrenbeste erasotua izateko arriskua duzula, baizik eta ez dela zuk nahi duzun parranda giroa sortuko. Orduan, zer egingo duzu? Bada, hirira joan"
Ez da soilik jipoi bat jasotzeko arriskua izatea edo ez. Berez, baliteke herrian horretarako arrisku gutxiago egotea, jendeak betidanik ezagutzen zaituelako. Baina ez da horrenbeste erasotua izateko arriskua duzula, baizik eta ez dela zuk nahi duzun parranda giroa sortuko. Orduan, zer egingo duzu? Bada, hirira joan.
Alde horretatik ez dut uste gauzak asko aldatu direnik azken urteetan, eta ni apur bat ezkor nago arlo horri dagokionez. Baina presentzia badago, jende gaztea geroz eta indartsuago dator.
Jaialdian bertan iradoki zenuten ekimenari jarraipena eman nahi diozuela. Zer etorkizun du Aiaraldeko trans erresistentzia kutxak?
Nik badakit horrelako espazio bat sortzea, afera ekonomikoa albo batera utzita, izan dela eskualdean jende batek behar zuen zerbait. Orduan, nire ustez idealena litzateke aurreko larunbateko indarra baliatuta eta geratu den aztarna zoragarri hori hartuta aurrera begira gauzak sortzen jarraitzea. Izan daiteke horrelako jaialdi baten formatuarekin edo beste forma batekin. Uste dut idealena hori litzatekeela, eta uste dut baita gertatu daitekeela.
Gainera, alde ekonomikotik begiratuta, trans erresistentzia kutxa bat sortzen badugu eta ez bada kontu puntual honetan geratzen, interesgarria litzateke hori elikatzen jarraitzea ere, uste dudalako oso baliagarria izan daitekeela ekonomikoki jendearentzat. Ezin dugu esan %100ean gauzak sortzen jarraituko dugula etengabe, indarrak neurtu behar direlako eta gero bakoitza bere egitekoak dituelako eta horrek batzuetan gauzak konplikatzen dituelako. Baina tira, alde batetik animatzen dut jendea hurbiltzera 'Txao Titis'-en asanbladara, dinamikara hurbildu eta gauzak sortzen jarraitzeko. Modu horretan, indarrak batuz, uste dut posible dela dinamika honekin jarraitzea, gauzak sortzen jarraitzea eta gure eskualdean eta hiritik kanpo espazio hauek sortzen jarraitzea.
Nola jarri daiteke jendea zuekin harremanetan?
Eskualdean bizi garenez uste dut jende askok elkar ezagutzen dugula. Modu pertsonalean hurbildu nahi badira gugatik oso prest. Bestetik, Instagram kontua dugu eta hortik ere jarri daitezke gurekin harremanetan.