Abasto plazaren birgaitzea funts propioekin lizitatu eta prozesu parte-hartzailea abiatuko du Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 10a, 17:18

Laudioko Udal Gobernu taldeak Abasto Plazaren inguruko azalpenak eman ditu gaur. / Aiaraldea.eus

Abasto Plazaren birgaitzerako aurreko legealdian abiatutako kudeaketak ez du ahalbidetzen hura finantzatzeko aurreikusitako Europako Next Generation funtsak baliatzea, Udalak jakinarazi duenez. Halaber, proiektuarekin aurrera egiteko konpromisoa adierazi du Udal Gobernuak. Horretarako funts propioak baliatuko ditu, eta prozesu parte-hartzailea abiatuko dute aurretik diseinatutako proiektua hobetzeko.

Europako Next Generation funtsen bidez finantzatu behar zen Laudioko Abasto Plazaren birgaitzea. Guztira, 1,4 milioi euroko dirulaguntza tramitatu zen aurreko legealdian proiektua bideratzeko, baina abiatutako proiektuaren kudeaketak ez zuen ahalbidetzen aurreikusitako dirulaguntza jasotzea. Horrela azaldu dute Laudioko Udal Gobernua osatzen duten EH Bildu eta Omnia alderdiek.

Hain zuzen, Europako funtsa jasotzeko ezarritako epeek ez dute bideragarri egiten birgaitze proiektua horrela finantzatzea. Dirulaguntza deialdiaren arabera, 2024ko ekainerako lanen %60 gauzatua egon beharko lirateke. Horretarako, ordea, proiektua aurtengo ekainean egon beharko luke lizitatua eta lanak abuztutik abiatuak. "Ekainean iritsi ginen Udal Gobernura eta egoera horrekin egin genuen topo", azaldu du Ainize Gastaka alkateak.

Udala alternatiba baten bila aritu dela azaldu du Gastakak: "oraingo legealdia hastean eta egoeraz jabetzean, lanak burutzeko epeak luzatzea eskatu genuen, baina ez dugu baiezko erantzunik jaso". Gauzak horrela, diru-laguntza horri uko egitea beste aukerarik ez du izan tokiko gobernuak. Aurreratutako dirua "ahalik eta lasterren" itzuliko dutela azaldu dute; "interes handirik sor ez dezan".

"Gobernu taldetik ezinbestekoa ikusten dugu Abasto Plazaren birgaitzeari ekitea"

Proiektuarekin aurrera

Abasto plazako obrarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa azaldu du Udal Gobernuak: "Gobernu taldetik ezinbestekoa ikusten dugu Abasto Plazaren birgaitzeari ekitea. Ingurune honetako hiri-birsorkuntzari eta haren balioespenari heltzeko konpromisoa agertu nahi dugu".

Agertoki berri honetan, Abasto Plazako lanak funts propioekin burutuko ditu Udalak eta, aldi berean, finantziazio aukera eta laguntza berriak aztertuko dituzte.

Prozesu parte hartzailea

Urtea amaitu baino lehenago lizitatu nahi dute obra. Aurretik, bi hilabeteko epea jarri dio Udalak bere buruari proiektua hobetuko duen prozesu parte-hartzaile bat garatzeko. Diseinatuta dagoen proiektuaren gaineko ekarpenak bildu nahi ditu Udal Gobernu Taldeak. Horren adibide jarri dute: orain arte definitutako proiektuak aurreikusten ez dituen elementu historikoak mantentzea edota Abasto Plaza inguruko zuhaitzak ez kentzea.

Lehenik eta behin, Abasto Plazako merkatariekin batzartuko dira. Lehenengo sektoreko ekoizleei ere interpelazio zuzena egin diete, Abasto Plaza berriak beharrezko azpiegiturak aintzat hartuz gero tokiko ekoizleen merkatua bertara mugitzeko aukera planteatuz. Prozesuan herritar orok parte hartzeko bideak aztertuko ditu Udalak datozen asteetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide