ANALISIA

Zenbat jabetza ditu Guardianek eta zergatik ez ditu saldu nahi?

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 16a, 10:00

Guardianen lantegia -ezkerrean-, Autoglas-Glavista -atzean- eta Guardianen jabetza den lursaila -erdian-. / Ruben Ladron de Gebara

Galdera bat nagusitu da udatik hona Autoglas-Glavistaren itxieraren aferan: Zergatik ez ditu Guardian multinazionalak autoentzako haizetakoen fabrikaren etorkizuna bermatuko luketen lurrak saldu nahi? Galderak ez du erantzun argirik, baina badago mamia atzean, Villosaren garaietaraino atzera eginez gero. 

Guardianek Laudion dituen lursailak funtsezko elementua bilakatu dira Autoglas-Glavista enpresaren gatazkan. Laburbilduz: ekainean bazirudien Autoglas-Glavistak etorkizuna zuela, bazuelako balizko erosle bat, 240 langileak bere gain hartzeko prest zegoena. Baina dena okertu zen hurrengo hilabetean, Guardianek azken unean uko egin ziolako erosleak nahi zituen lurrak saltzeari, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dutenez. Kontuan hartu behar da Guardianenak izaten jarraitzen dutela Autoglas-Glavista lantegiaren lurrak, eta baita inguruko lursailak ere. 

Gauzak hala, uztailetik hona galdera bat nagusitu da Autoglas-Glavistako langileen artean: Zergatik ez ditu Guardianek bere lurrak saldu nahi? Galdera konplexua da eta, momentuz, hipotesi ugari dauden arren, ez dago erantzun argirik. 

Mendiak, zelaiak, etxebizitzak, lonjak... mota askotako jabetzak ditu Guardianek gaur egun Laudion, baina antzina gehiago izan zituen, Villosa gisa ezagutzen zenean

Mota askotako jabetzak

Beste galdera bat ere planteatu daiteke, erantzuteko errazagoa: zenbat jabetza ditu Guardianek Laudion eta zer motatakoak dira? 

Ezer baino lehen, kontuan hartu behar da Guardianek enpresa eta izendapen sare handia duela atzetik: Guardian Española SA, Guardian Glass España, Central Vidriera SL, Guardian Europe… Baina enpresa nagusi bat dago Laudioko fabrikaren eta azpiegituren atzean: Guardian Llodio Uno SL. Sozietate horren izenean daude erregistratuta multinazionalak Laudion dituen jabetza guztiak, edo nagusienak behintzat, eta enpresa hori izan zen Autoglas-Glavistaren lantegia (azpiegitura, ez lurrak) Parter Capital inbertsio funtsari saldu zizkionak  2020. urtean.

Hainbat kontsulta egin ostean, Aiaraldea Komunikabideak ondorioztatu du multinazionalak 46 jabetza dituela gutxienez erregistratuta Aiaraldean, denak Laudion. Fabrikaren azpiegiturez gain, beste hainbat motatako ondasunak ere ditu: lokalak, fabrikaren inguruko zelai eta mendi ugari, multinazionaleko goi-kargudunentzat eraikitako etxebizitza multzoa… guztira, 30 hektarea baino gehiago hartzen duten enpresak Laudion dituen jabetza guztiek. 

46 jabetza ditu Guardian Llodio Uno SL enpresak

Ia mende bat atzera

Dena den, multinazionalak gaur egun lur asko dituen arren, askoz gehiago izan zituen antzina. Ia mende bat egingo dugu atzera, 1934ra. Urte horretan inauguratu zen Vidrieras de Llodio SA (Villosa) enpresa, Isidoro Delclaux Arostegiren eskutik. 

Villosa hazten joan zen hurrengo hamarkadetan. Ordura arte izan zuen azalera bikoiztu zuen hurrengo hamar urteetan, trenbidearen beste aldera salto eginez eta Altzarrateko zonaldea hartuz; eta 1.500 langile izatera iritsi zen 1970. hamarkadan. Garai berean, 1965. urtean, Delclaux sendiak Vidrala sortu zuen, botilak ekoizteko helburuarekin. Gaur egun, Delclaux sendia 91. postuan dago Espainiako Estatuko pertsona eta familia aberatsenen zerrendan.

30 hektarea baino gehiagoko zabalera dute Guardian Llodio Uno SL enpresak Laudion dituen jabetzek

Beira laua ekoizten zuen Villosak, baina enpresaren jarduna ez zen horretara mugatu. Frankismo garaia zen, eta enpresari handien artean “paternalismo industriala” gisa ezagutzen dena nagusitu zen. 

Enpresak ez ziren langileak enplegatzera mugatzen, beharginen bizitzako beste hainbat esparrutan ere zuten presentzia. Villosak Laudioko hainbat lursail eskuratu zituen langileentzako auzuneak eraikitzeko: Lateorrondon (‘Grupo Jesus Guridi’ izenarekin), Larrañon eta El Manzanalen (Ugarten), besteak beste. Horrez gain, bestelako ekimen batzuk ere jarri zituen martxan, gaur egun ikuspegitik apur bat martzianoak diruditenak: ekonomatua, CD Villosa futbol taldea (egungo CD Laudioren aitzindaria izan zena), haurrentzako Gabonetako marrazki lehiaketa… Laudioko bizitza ekonomiko, sozial zein politikoan pisu handia zuen Villosak, eta jabetza sare handia zuen horretarako. 

Honi lotuta, nabarmentzekoa da Laudio Ikastolaren ibilbidea beira fabrikak Jose Arrue kalean zuen txalet batean hasi zela, eta egun hezkuntza zentroaren kokalekua den mendia ere zela Villosarena. Hain zuzen, mendi horren magaleko zenbait lursailek  Guardian Llodio Uno SLrenak dira gaur egun. 

3 auzune eraiki zituen Villosak  bere langileentzat Lateorrondon (‘Grupo Jesus Guridi’ izenarekin), Larrañon eta El Manzanalen (Ugarten)

Beste garai batzuk ziren, baina egoerak ez zuen horrela betirako iraungo. Guardian multinazional estatu batuarrak erosi zuen Villosa 1986an, bere akzioen %52a eskuratuta. Ondoren, Koch Industries talde erraldoiak eskuratu zuen Guardian 2012 eta 2017 urteen artean, eta horrela iritsi gara gaur egungo egoerara. 

Zergatik ez saldu?

1986tik hona, jabetzak murrizten joan da Guardian Laudion. Jada ez dira bereak ekonomatuaren kokalekua, Ikastola zegoen txaleta edota langileentzat eraikitako auzuneak. Puntu honetan, hasierarako galderak are indar handiagoa hartzen du: Orduan, zergatik egin dio uko Autoglas-Glavistaren lurrak saltzeari?

Bi hipotesi nagusi egon daitezke. Lehen hipotesiaren arabera, Guardianek interesa izan dezake lur horietan bestelako proiektu batzuk garatzeko. Hori planteatu du komunikabideren batek, iturri anonimoak aipatuta, iradokiz Guardianen lurrak oso baliotsuak direla eta bestelako proiektu batzuk garatzeko baliatu daitezkeela. 

Berez, Guardianek erakutsi du bere lursail batzuetan beste egitasmo batzuk garatzeko interesa. Goikoetxe baserriaren kasua da horren adibide. Aretako bide zaharretan dagoen baserri hori Guardian Llodio Uno SLrena da, eta Eusko Jaurlaritzak kultura ondare izendatu zuen. 

Multinazionalak alegazioak aurkeztu zituen orduan, argudiatuta lur eremu horretan 345 etxebizitza eraiki zitezkeela, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusita. “Horretaz gainera, bide berri bat aurreikusten da trenbidearen ondoan, eta planeatuta dago ibai ondoko oraingo bidea bihurtzea oinezkoen lehentasuneko kale edo ibai-pasealeku”, argudiatu zuen enpresak Eusko Jaurlaritzaren aurrean, baina honek ez zituen alegazioak aintzat hartu. 

Villosak “paternalismo industriala” gisa ezagutzen dena aplikatu zuen frankismo garaian, bere langileak bizitzeko auzune osoak eraikiz edota ekonomatu bat martxan jarriz, besteak beste. Baina azpiegitura eta jabetza horietako gehienak jada ez dira multinazionalarenak

Hala ere, hori 2009an gertatu zen, Guardian oraindik Koch Industriesen menpe ez zegoenean. Denbora igaro da ordutik hona, eta multinazionala beira ekoiztera mugatu da urte hauetan guztietan bere lursailetan. 

Gauzak hala, beste hipotesi bat izan daiteke Guardianek badituela beste lehentasun batzuk, eta ez duela autoentzako haizetakoak ekoizten dituen fabrika bat lagundu nahi, bere interesen aurkakoa delako. Kontuan hartu behar da Guardianen jabeak (Koch Industries talde erraldoia) sektore askotan jarduten duela, eta interesak elkarren artean txirikordatzen direla. 

Modu batean edo bestean, argi dagoena zera da: Laudioko 30 hektarea baino gehiago Estatu Batuetako talde erraldoi baten menpe egoteak baduela prezio bat eta, gauzak asko aldatzen ez badira, prezio hori Aiaraldeko 240 langilek ordaintzen amaituko dutela.  

Erlazionatuak

Nork blokeatu du Autoglas-Glavistaren etorkizuna?

Txabi Alvarado Bañares 2023 ira 23 Laudio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide