ANALISIA

Nork blokeatu du Autoglas-Glavistaren etorkizuna?

Txabi Alvarado Bañares 2023ko ira. 23a, 10:25

Autoglas-Glavistaren Laudioko lantegia zerutik ikusita. Bere atzean, Guardianen egungo azpiegiturak. / Ruben Ladron de Gebara

Autoglas-Glavistako langileen aburuz, Koch Industries dago enpresaren etorkizuna bermatuko lukeen erosketaren blokeoaren atzean. Enpresa-sare estatubatuar erraldoia da Koch, eta adar ugari ditu sartuta politikan zein aldaketa klimatikoaren negazionismoa sustatzen duten lobby taldeetan, hainbat talde ekologisten arabera. 

Kinka larrian dago Autoglas-Glavistaren eta bertako 240 langileen etorkizuna. Beharginek mobilizatzeari ekin diote berriro, irailean gertatzen dena berebizikoa izango dela iritzita. 

Baina uda hasieran oso bestelakoa zen egoera. Urte hasieratik hartzekodunen aurrelehiaketan egon ondoren, bazirudien enpresaren etorkizuna ziurtatua zegoela. Javier Garcia Marquez inbertsore getxoztarrak (aurretik Guardian Llodioko zuzendaritzako kide izandakoak) Laudioko lantegia erosteko asmoa iragarri zuen. Langileen ordezkarien hitzetan, akordioa formalizatzea baino ez zen falta. 

Eta orduan iritsi zen blokeoa. Sindikatuek behin baino gehiagotan azaldu dutenez, Guardianek uko egin dio lantegiko lurrak erosle berriari saltzeari. Kontuan hartu behar da Autoglas-Glavistaren azpiegiturak Guardianen lursail batzuetan daudela, enpresa hori Guardinen parte izan zelako 2020. urtera arte. 

Horregatik, langileen aburuz, Guardian da egoeraren erantzule nagusia, multinazionalak “egun batetik bestera eta aurretiazko abisurik gabe” saldu ziolako Glavista “Parter Capital funts-putre suitzarrari” eta, ondoren, uko egin diolako lantegiaren etorkizuna bermatuko luketen lursailak balizko jabe berriari saltzeari. 

Koch Industriesen kide beteranoa da Ron Vaupel, sindikatuen aburuz Autoglas-Glavistako etorkizuna blokeatu duen pertsona

Izen bat: Ron Vaupel

Pertsona zehatzak daude Guardianek jarritako “blokeoaren” atzean, Autoglas-Glavistako langileen ordezkarien aburuz. Enpresa Batzordeko kideek izen bat jarri dute mahai gainean: Ron Vaupel. 

Guardianen mundu mailako presidente eta CEOa da Vaupel. Baina, datu orokor horrez gain, ez da berari buruzko askoz informazio gehiago agertzen Interneten, lehen begiratuan behintzat. 

Hala ere, berari buruzko datu gehiago topatu daitezke Christopher Leonard ekonomia kazetariak idatzitako Kochland: The secret history of Koch Industries and Corporate Power liburuan. Ikerketa lan mardul horretan behin baino ez da Vaupelen izena agertzen, baina azaltzen du enpresa buruak 1990eko hamarkadatik dituela ardurak Koch Industriesen (egun Guardianen jabea den enpresa-sarean). Hidrokarburoen Dibisioko presidentea izan zen, eta taldeko Garapen Korporatiboko Batzordeko ardurak hartu zituen 2002an. 

Beste modu batera esanda: Koch Industriesen kide beteranoa da, eta talde horrek jarri zuen Guardianeko buru gisa, 2013tik aurrera.

Koch Industries 

Enpresa-talde estatubatuar erraldoia da Koch Industries, Charles G. Koch eta David H. Koch anaiek gidatutakoa. 2012an eskuratu zuen Guardianen %44a, Laudioko lantegian 139 langile kaleratzeko prozedura abiatu zen urte berean. Behargin horietako gehienak egun Autoglas-Glavista den ekoizpen-lerrokoak ziren, sindikatuek behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez. Dena dela, Enplegua Erregulatzeko Espediente hura bertan behera geratu zen, 60 eguneko grebaren ostean. 

2017an Koch Industriesek Guardianen gainontzeko %56a erosi zuen, enpresa osoaren jabe bilakatuz. Hala ere, kontuan hartu behar da Koch Industriesen adar bat baino ez dela Guardian. Enpresa-sare estatubatuarrak 130.000 langile inguru ditu, mundu osoko 60 herrialdetan banatuta. 

Guardianen mundu mailako zuzendariak 2006tik darama Kochen ekintza politikorako komiteari dirua erregurlarki ematen, eta gaur egun 208,33 euro ematen dizkio pertsonalki bi astean behin

Baina ez da beti hala izan. Egun Guardian dena duela ia 94 urte sortu zen, Villosa izenarekin. Delclaux sendiak sortu zuen enpresa 1934. urtean, eta garapen handia izan zuen hurrengo hamarkadetan, Laudio zein Aiaraldeko enpresa garrantzitsuenetako bat bilakatzeraino. 

1984-1985 urteen artean, Guardian multinazional estatu batuarrak erosi zuen Laudioko lantegia, eta orduz geroztik ozeanoaren beste aldean egon da enpresaren zuzendaritza gorena.  

Lobbyei dohaintzak

Koch Industries enpresa-sare oso ezaguna da Estatu Batuetan, eta bere jabeek ere ospe handia dute, baina ez ona kasu guztietan. Hainbat talde ekologisten arabera (Greenpeace tartean), enpresa-sareak lobby talde ugari finantzatzen ditu, aldaketa klimatikoaren negazionismoa sustatu eta petrolio-ekoizleen eta industria kimikoaren interesen alde egiteko.  Politikan ere sartu da Koch Industries, bere politika ekintzarako komitearen bidez. Azken hamarkadan milioiak inbertitu ditu, ia kasu guztietan hautagaitza errepublikarren alde. 

Hemen beheko taulan ikusi daiteke dohaintzen bilakaera urtez urte. Ikusi daitekeenez, enpresa-taldearen eragina geroz eta handiagoa da Estatu Batuetako politikan (Iturria: www.opensecrets.org):

Ron Vaupelek berak aktiboki babestu egin du Kochen lobby lan hori. Guardianen zuzendariak 2006tik darama Kochen ekintza politikorako komiteari dirua erregurlarki ematen, eta gaur egun 208,33 euro ematen ditu bi astean behin, Estatu Batuetako Hauteskunde Batzorde Federaleko datuen arabera. 

Guardian da Aiaraldetik zerura kutsadura gehien igortzen duen enpresa, eta bere jabeek aldaketa klimatikoaren negazionistak diren lobbyak finantzatzen dituzte, Greenpeace eta beste talde ekologista batzuek salatu dutenez

Kochen lobby jardunari lotuta, nabarmentzekoa da Guardian dela zerura kutsadura gehien botatzen duen enpresa Aiaraldean, Igorpen eta Iturri Kutsagarrien Espainiako Erregistroak bildutako datuen arabera. 2021ekoak dira erregistro horrek bildutako azken datuak. Horien arabera, urte horretan Guardianek 108.254,5 tona gas kutsagarri isuri zituen zerura. Ia guztia (107.186,1 tona) karbono dioxidoa izan zen, klima aldaketan eragina duen elementu ezagunetako bat.

Hala ere, aipatzekoa da Guardianek elektroiragazki bat jarri zuela 2017an Laudioko lantegian, atmosferara igortzen zuen kutsadura %60 txikitzeko eta, modu horretan, Europako ingurugiro legeria bete ahal izateko. Dirulaguntza bat jaso zuen horretarako Eusko Jaurlaritzaren partetik. Hori egin eta gutxira erosi zuen Koch Industriesek Guardianen %100a.

Aiaraldea Komunikabidea multinazionalaren zuzendaritzarekin harremanetan jarri da Autoglas-Glavistaren aferari buruz galdetzeko, baina momentuz ez du erantzunik jaso. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide