Aiaraldea Ekintzen Faktoriak kultura adierazpen anitzak erakutsiko ditu hurrengo asteburuetan eta gaur urrezko aitzindaria izango du, gainera. Izan ere, Paula Urkijo Serrano dantzariak erakutsiko du orain garatzen ari den lan berria: Ameba.
Urkijok dantza garaikideko pieza taularatuko du Barikuak Plaza Egunak ekimenaren barruan, 20:00etik aurrera. Hurrengo ostiraletan, aldiz, Patata Minak antzezlana -Ane Gebara eta Aitor Vinagreten sorkuntza- eta Ikatza eta Giroa Joseba Arrizabalagaren marrazketa eta soinu ikuskizunaz gozatzeko parada egongo da.
Kale Arteren edizio berria
Urriaren 21etik azaroaren 18ra bitartean, aldiz, Kale Arte proiektuaren bigarren edizioa garatuko dute. Horren antolakuntzan elkarlanean aritu dira Kultur Faktoria eta Kulturlab-Laudioko Kulturzaleak kultura sustatzeko elkartea.
Ahalegin bateratu horen helburua da gazteei sortzeko eta gozatzeko tresnak ematea.
Kale Arte II.edizioa bihartik azaroaren 18ra arte luzatuko da, larunbatero, ordutegi berean: 17:00-19:00, Faktorian. Bost kale arte diziplina ezberdinen tailerrak proposatu dituzte 12-18 urte bitarteko gazteentzako: parkourra (urriak 21), dantza urbanoa (urriak 28), rap-a (azaroak 4), musika elektronikoa (azaroak 11) eta grafitia (azaroak 18).
Tailer gehienen irakasleak Amurrio eta Laudiokoak dira: Amets Gil, Oneka Bergara, Rlantz (Erlantz Serrano) eta Asier Aldama. Horietaz gain, Ane Guria rap abeslari bizkaitarra ere arituko da.
Berez, proiektu honen bidez gazteek, kale arteaz gozatzeko aukera izateaz gain, sare berriak osatzeko aukera ere izango dute gertuko euskal kale arte sortzaileen eskutik. Horien inguruko informazio gehiago jasotzeko edota izena emateko hemen klikatu daiteke.