%50eko errekargua ezarriko diete Laudioko etxebizitza hutsei, alokairu publikoko programa batean sartuta ez badaude

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 21a, 15:30

Udal Osoko Bilkuran onartu ziren ordenantzen eguneraketak. / Laudioko Udala

Horrez gain, %2,75ko igoera ezarriko dute datorren urtean tokiko zergetan, tasetan eta prezio publikoetan eta %5ekoa, aldiz, zabor tasetan. EAJk erabakia kritikatu du.

Udal zergak igotzea erabaki du Laudioko Udalak datorren urteari begira. Udal gobernuko kideek azaldu dutenez, %2,75ko igoera ezarriko dute tokiko zergetan, tasetan eta prezio publikoetan, "Hego Euskal Herriko batez besteko KPIra" egokituz. Zabor tasak, aldiz, %5 igoko dira, "Europako araudiaren eskakizunetara egokitzeko.

Tokiko erakundeak azaldu du "zerbitzu publiko hobeak bermatzea" izango dela igoeren xede nagusia, eta nabarmendu du bi irizpide baliatu dituztela erabakia hartzerako orduan: "justizia soziala eta justizia ekosoziala".

Hala azaldu du Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak: “aurtengo udal ordenantzak legegintzaldi berri honetan onartuko ditugun lehenak dira, eta garrantzitsua da, gutxienez, fiskalitate bidezkoagorako eta berdeagorako bidearen hasiera markatzen hastea”.

“Gehien duenak gehien ordainduko duela” defendatu du Udal Gobernuak

%50ko errekargua etxebizitza hutsei

Igoerak igoera, udal gobernuak nabarmendu du handitu egin dela hobaritutako errenten muga. Zehazki, 42.000 eurorainoko errentetara handituko dituzte hobarien taulak (udalerriko bataz besteko errenta 41.316 euroakoa da Eustatek 2021ean eginiko neurketen arabera).

Horrez gain, tasa gutxiago ordaindu beharko dituzte alokairu publikoko programa baten barruan (Alokabide) dauden etxebizitza hutsek edo trantsizio ekosoziala eta, bereziki, energetikoa, bizkortzea helburu dutenek.

Horri lotuta, Udal Gobernuak nabarmendu du %50eko errekargua ezarriko zaiela alokairu publikoko ezein programatan ez dauden etxebizitza hutsei. Arabako Foru Aldundiak 2017an eman zien Udalei errekargu hori jartzeko eskumena, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Podemos Ahal Duguren abstentzioarekin, baina orain arte Aiaraldean ez da inon ezarri.

Eustatek iaz bildutako datuen arabera, 1.288 etxebizitza daude Laudion bigarren etxebizitzak eta etxebizitza hutsak batuta (neurketak ez du bien arteko bereizketa egiten duela urte batzuetatik hona).

Tokiko zergei dagokionez, Udal Gobernuak argudiatu du Hego Euskal Herriko batez besteko KPIaren arabera eguneratuko dituztela. "Tasei eta prezio publikoei dagokienez, irizpide berari eutsi zaio, zaborren tasari izan ezik. Izan ere, tasa hori % 5 handituko da, tasak zerbitzuaren benetako gastura egokitu behar direla adierazten duen Europako araudiaren eskakizunetara egokitzeko azken urteetako irizpideari jarraituz", argudiatu du Udalak.

Udal gobernuaren aburuz, politika fiskalak "tresna eraginkorra" izan behar du azken urteetako krisialdiak gehien pairatu dituzten herritarrak "ikuspegi sozialetik modu bidezkoagoan zuzentzen eta artatzen" saiatzeko, "gehien duenak gehien ordainduta".

EAJren kritika

EAJk, bere aldetik, oharra plazaratu du EH Bildu eta Omniak osatutako udal gobernuaren erabakia kritikatzeko, eta hainbat alternatiba proposatu ditu.

Jeltzaleen aburuz, "igoera neurrigabea" da ezarri dena, eta "arrabola" aplikatzea egotzi diote Udal Gobernuari. Zehazki, "informaziorik, azalpenik, lan egutegi seriorik eta dokumentu ofizialik" ez ematea leporatu diete EH Bildu eta Omniari, eta salatu dute ez daudela "onartutako igoerak bermatzen edo justifikatzen dituzten beharrezko azterlan ekonomiko-finantzarioak".

Etxebizitza hutsei ezarritako errekarguarekin ados daude jeltzaleak, baina uste dute alokairu sistema publikotik kanpo merkatuan dauden higiezinak ere egon beharko liratekeela %50ko errekargua ordaintzeaz salbuetsita

Opozisioko kideek ere uste dute zergak izoztea ez dela irtenbide bat, baina proposamen batzuk plazaratu dituzte euren eragina murritzeko. Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez (Etxebizitzei aplikatzen zaiena, besteak beste), jeltzaleek uste dute ez dela egin neurri berriek izango duten eraginaren azterketarik, eta nabarmendu dute ez direla egoera ezberdinak kontuan hartu. Gauzak hala, igoera "unea zailean" egingo dela adierazi dute, "saltokiei eta mikroenpresei" begira. Gauzak hala, errekargua %7an uztea proposatu dute.

Dena den, etxebizitza hutsei ezarritako %50ko errekargua "neurri ona" dela uste du EAJk, baina proposatu du Alokabidetik kanpo alokairu merkatuan dauden etxibitza hutsak ere salbuetsita geratzea. "Nolanahi ere, neurriaren eraginari buruzko informazioa eta aldez aurreko azterketa falta dira. Gainera, jakin behar da nola helduko zaion lanari eta nola gauzatuko den, metodologia, Bizigunerekin elkarreragingarritasuna... oso lan zaila da, eta ez dute azaldu, eta ez dakite nola gauzatuko duten".

Bestalde, Jarduera Ekonomikoen Gaineko zerga %2,02an mantentzea ere proposatu du opozisioko taldeak, zerga horrek enpresa guztiei bedin eragiten diela argudiatuta, handiak zein txikiak izan.

Bukatzeko, Ander Añibarrok gogorarazi du Udalak 1,8 milioi euroko Europako diru-laguntza bat itzuli behar izan duela. Gauzak hala, aurreko legealdian hartutako "norabide ona" gobernu berriaren lehen hilabeteetan zazpuzten ari dela uste du zinegotzi jeltzaleak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide