Elkarretaratzea egin dute Autoglas-Glavistako langileek gaur eguerdian Guardianen atariaren parean. Euri zaparrada bota duen arren, dozenaka lagun bildu dira multinazionalaren fabrikaren parean, eta barruko patiora sartu dira gero. Bidean, pegatinaz eta kartelez josi dituzte fabrikako pareta, kartel eta bestelako elementuak. Modu horretan salatu nahi izan dute multinazional estatu batuarrak Autoglas-Glavistaren egungo egoeran duen ardura.
Kontuan hartu behar da iragan astean epaileak arrazoia eman ziela sindikatuei, eta Enplegua Erregulatzeko Espedientearen prozesuan parte hartzera derrigortu zituela Guardian bera zein Parter Capital inbertsio funtsa. Langileen ordezkariek nabarmendu dutenez, epailearen autoak iradokitzen du bi entitate horiek "enpresa-talde" bat eratu ahal izan dutela Autoglas-Glavistaren salmenta planifikatzeko.