Arrazoia eman die Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak ELA eta LAB sindikatuei, eta Autoglas-Glavistako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen prozesuan egotea eskatu die Guardian multinazionalari eta Parter Capital inbertsio funts suitzarrari.
Zehazki, Guardianen hiru enpresa egon beharko dira espedientearen kontsultaldian: Guardian Llodio, Glass Spain eta Europe (hau da, Laudioko, Espainiako estatuko eta Europako ordezkaritzak, hurrenez hurren).
ELAk gogorarazi du urriaren 11n egin zela espedientearen kontsultadiko lehen bilera, eta Guardian eta Parter Capital ez zirela agertu ere egin. Orduan tramitatu zuten sindikatuek eskaera judiziala, bi enpresen parte hartzea exijitzeko. Epaileak onartu egin zuen eskaera eta, hori bideratu bitartean, bertan behera utzi zuen kontsultaldia.
ELA pozik agertu da lortutako emaitzarekin, bi enpresek "aurpegia emateko" balioko duelako. Sindikatuaren arabera, epaileak enpresa taldea eratu izanaren zantzuak sumatu ditu Guardian eta Parter Capitalek Autoglas-Glavistaren auzian izandako jokabidean. ELAko sail sindikalaren arabera, hauek dira epaileak "enpresa taldea" osatzearen susmopean jartzen dituen enpresak:
- Autoglas OPCO
- Guardian Llodio UNO
- Guardian Glass Spain Holding
- Guardian Europe
- Parter Capital Group
- Blue Motion Tecnologies Holding
- Autoglas Holding
- 3B Management
- Valenciana de suministros
- Glavista Autoglas GMBH
Gauzak hala, ELAren arabera, "aurrekaririk gabeko" erabakia da epaileak hartu duena, eta argi uzten du gertatutakoa ez dela "gaizki" atera den "salerosketa prozesu bat". "Enpresa batzordetik hainbat hilabetetik hona salatzen aritu garen erruduntasunek badirudi funts nahikoa dutela epaile batek auto bat erredaktatzeko, dokumentazio mordoa eskatuta".
Antzeko balorazioa egin dute LABeko kideek ere: "Guardianek, haizetako atalaren salmenta egin zuenetik, orain arteko prozesu honen erantzulea dela juridikoki frogatzeko bidean gaude. Horregatik, Glavistaren itxieragatik eta 240 lanpostu suntsitzeagatik erantzun behar du. Horrek ere, argi uzten du Guardian dela gatazka honi irtenbidea emateko giltza duena. Eta era berean, Eusko Jaurlaritzak prozesu honetan esku-hartu eta eragotzi egin behar du diru-laguntza publikoez onuratu den enpresa batek maniobra horien bidez enplegua suntsitu ahal izatea".
Horri lotuta, LABek azpimarratu du "borroka bizirik" mantendu behar dela, "presioa" egin behar delako "lanpostu guztiak bermatuko dituen irtenbide bat bilatzeko". Ildo horretan, Autoglas-Glavistako enpresa batzordeak asanblada bat egingo duela iragarri dute, datorren astelehenean, "egoeraren berri eman ahal izateko eta datozen asteetarako borroka-planteamendua langile guztiekin landu eta konpartitzeko".
Guardian multinazionalak 2020an saldu zion bere haizetakoen azpi-saila (Autoglas-Glavista gisa ezagutzen dena gaur egun) Parter Capital inbertsio funtsari. Sindikatuek salatu dutenez, salmenta hori egun batetik bestera egin zen, Alcoako kasuak eztanda egin baino egun bakan batzuk lehenago.