Arabarrak euren buruez barrezka, ostiralean Faktorian

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 29a, 12:01

Patata minak ikuskizunaren entsegu irekia egin zuten Ane Gebara eta Aitor Vinagretek, Laudioko pabilioian eginiko egonaldiari amaiera emateko.

Patata minak ikuskizunaren entsegu irekiaz gozatzeko aukera izan zuten ostiral gauean Faktoriara gerturatu ziren pertsonek. Aurreko egunetan espazio berean eginiko sormen egonaldian garatu dute emanaldia Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek, eta lehen zirriborroa plazaratu zuten ikusleen aurrean. Ondoren, solasaldi laburra eskaini zuten, publikoaren iritzi eta inpresioak jasotzeko. 

Alea komunikabidearen egitasmo baten barruan abiatu zuten proiektua bi sortzaileek, baina gehiago garatzeko gogoa sartu zitzaien gero. Horretarako baliatu dute, hain zuzen, Faktoriako egonaldia. Solasaldian kontatu dutenez, arabarren inguruan dauden topikoez barre egitea da ikuskizunaren xedea, patata abiapuntu moduan hartuta. "Oraindik askotan esaten dizkigute 'Ze ondo hitz egiten duzu euskaraz Gasteizkoa izateko' bezalako komentarioak, horri barre egin nahi genion", azaldu zuen Gebarak. 

Entsegu irekiak

Ane Gebara eta Aitor Vinagretena ez da izan Faktorian eskaini den lehen entsegu irekia. Aurreko astean Paula Urquijo dantzari laudioarra egon zen Faktorian entseatzen, eta Ameba ikuskizunaren lehenbiziko bertsioa eskaini zuen gero. 

Datorren astean Joseba Agirrezabalagaren txanda izango da. Marrazketa eta soinua uztartuko ditu sortzaileak, eta azaroaren 3an eskainiko du entsegu irekia, 20:00etan. Sarrera doakoa izango da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide