Elkarretaratzea egingo dute Laudioko Udaleko langileek bihar, euskararen aldeko larunbateko mobilizaziora batzeko

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 1a, 17:14
Laudioko Udalak jasotako euskararen aurkako epaia arbuiatzeko iaz eginiko mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

11:00etan bilduko dira Laudioko Udaletxearen aurrean. LAB sindikatuak sustatu du elkarretaratzea.

Elkarretaratzea egingo dute bihar (azaroak 2, osteguna) Laudioko Udaleko langileek, larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizaziora batzeko deia lutzateko. 11:00etan bilduko dira Udaletxearen aurrean, eta talde-argazkia egiteko ere baliatuko dute zita.

LAB sindikatuak sustatu du mobilizazioa. Sindikatuaren arabera, "oso eraso larria" da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hizkuntza ofizialen erabilera instituzionalaren aurka berriki emandako ebazpena, eta horrek "are beharrezkoagoa" bihurtzen duela asteburuko zita. Bilbon izango da larunbateko mobilizazioa, 17:00etan Euskalduna Jauregitik abiatuta.

"Udal eta foru administrazioko langileek epaileen eraso ugari pairatu dituzte. Langileei ez zaie bermatzen euskaraz lan egiteko eskubidea. Herritarrei, oro har, urratu egiten zaie zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea", salatu du sindikatuak. Gauzak hala, nabarmendu du udal eta aldundietako langileak "bete-betean" pairatzen ari direla "euskararen aurkako oldarraldi judiziala".  Horregatik erabaki du sindikatuak mobilizazioak sustatzea oldarraldi hori pairatu duten erakunde batzuetan, Laudioko Udalean kasu. 

Kontuan hartu behar da 2022ko otsailean epaile batek "euskararen zailtasuna" erabili zuela argudio gisa Laudioko Udaleko langile bat berriz kontratatzea agintzeko. Euskalgintza Kontseiluak elkarretaratze jendetsua egin zuen orduan Udaletxearen aurrean, biharko mobilizazioa egingo den toki berean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide