Autoglas-Glavistaren aferan zuzenean esku hartzea eskatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 6a, 22:31

Arabako Batzar Nagusietan ere hartu zuten hitza langileek ostiralean. / Arabako Batzar Nagusiak

Mikel Amundarain sailburuordeak langileei jakinarazi die berrezarri dela Guardianen eta balizko eroslearen arteko komunikazioa, “hotza eta konfiantza gutxikoa” den arren. 

Berrezarri da Guardianen eta Autoglas-Glavistaren balizko eroslearen arteko komunikazioa, “hotza eta kofiantza gutxikoa den arren”. Hala jakinarazi die Mikel Amundarainek haizetakoen fabrikako langileei. Sindikatuetako kideak iragan ostegunean bildu ziren Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordearekin, eta hor jaso zuten albistea.
Amundarainen arabera, “gutxieneko batzuk” adostea izaten ari da bi aldeen arteko elkarrizketen helburua, baina Jaurlaritzatik ez omen dute gaiari buruzko informazio gehiago. 

Hala azaldu du ELAko sail sindikalak bileraren ostean plazaratutako oharrean: “Industria sailetik esan digute astero hitz egiten dutela alde guztiekin balizko aurrerapausoen egoeraren berri izateko, eta prest daudela egin beharreko ekarpenak egiteko, dituzten gaitasunak arabera betiere”.  

Enpresan esku hartzeko deia

Baina langileen ordezkariak ez daude lasai albiste berriekin. ELAren aburuz, “atzera kontu larri” batean sartuta dago Autoglas-Glavista. Gauzak hala, enpresan zuzenean esku hartzea eskatu dio sindikatuak Jaurlaritzari, eta horri buruzko 15 orriko txosten bat eman dio erakunde publikoari, bertan proposatzen diren neurriak aplikatzeko eskumena duela nabarmenduta. 

LABeko ordezkariak ere ez diren lasai atera bileratik. “Presionatzen” jarraitzeko beharra dagoela nabarmendu dute sindikatu abertzaleko kideek, “elkarrizketak berriz abiarazi izanak ez duelako halabeharrez konponbide bat mahai gainean jartzen”. Horregatik, “mobilizatzen eta antolatzen jarraitzeko deia” luzatu diete langileei, eta inplikazio handiagoa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, bestelako “aukera eta alternatibak” bilatu ditzan elkarrizketek huts egiten badute. Horri lotuta, LABek berriz gogorarazi du Jaurlaritzak diru publiko ugari sartu zuela Autoglas-Glavistan, eta “inplikatu zuzen” bilakatzen duela horrek. 

Arabako Batzar Nagusietan hitza

Ostiralean aldiz, Arabako Batzar Nagusietan hartu zuten hitza Autoglas-Glavistako langileek. Orain arte plazaratutako aldarri eta kezka berak jarri zituzten mahai gainean, Guardianen helburua Autoglas-Glavista "eskuak zikindu gabe ixtea" dela azpimarratuz.

Erlazionatuak

Autoglas-Glavista: Desjabetzea da soluzioa?

Txabi Alvarado Bañares 2023 urr 17 Laudio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide