Ostiralean inauguratu zuten Gerra eta denbora erakusketa KulturLab-ek Laudioko Elizalde kalean duen lokalean. Gasteizen sortu zen erakusketa kolektiboa, eta bertan ikusgai egon ziren lanak ekarri dituzte orain Laudiora, herriko hainbat sortzaileren ekarpenak gehituta.
Gerraren aurkako aldarriaren inguruan hausnartzea da ekimenaren xede nagusia. Horretarako, artista bakoitzak bere ikuspuntu eta teknika propioak baliatu ditu. Gauzak hala, koadroak, margolanak, eskulturak zein bestelako instalazioak uztartu dituzte lokaleko metro karratu eskasetan.
Ekintza gehiago
Erakusketa ikusgai egongo da datozen asteetan, bertaratu nahi duen ororentzat eta beste ekintza batzuk ere antolatuko dituzte bere inguruan. Alde batetik, solasaldiak egongo dira ekimenean parte hartu duten artistekin, azaroko ostegun guztietan 18:00etatik aurrera. Gaur -igandea-, aldiz, lau bertsolari arituko dira lokalean, 12:30etatik aurrera: Izar Mendiguren, Asier Otamendi, Ricardo Gonzalez de Durana eta Felipe Zelaieta.