Elkarretaratzea egin dute Guardianeko langileek gaur goizean Laudioko fabrikaren sarreran, eta bihar ere errepikatuko dute protesta, 12:00etatik 15:00etara.
Modu horretan hasi dira mobilizatzen beira ekoizten duen lantegiko beharginak, Laudioko fabrikarentzako "etorkizuneko proiektu bat" eskatzeko. ELA sindikatuak du gehiengoa enpresan, eta lau arrazoi nagusi plazaratu ditu protestarako: inbertsio eza, kontratu finkoa ez duten langileen etengabeko murrizketa, zuzendaritzaren jarrera "guztiz pasiboa" eta Guardianek Glavistarekiko duen "jarrera lotsagarria".
Azken puntu horri lotuta, sindikatuak aldarrikatu du elkarren artean lotuta daudela Guardian eta Glavistaren Laudioko fabriken etorkizunak. Gauzak hala, haizetakoak ekoizten dituen fabrikaren beheralako itxiera "konpontzea eta saihestea" eskatu dio multinazionalari, "bere ardura" dela nabarmenduta.