Autoglas-Glavistako jabeetako bat bilakatzea eta Guardiani “lurrak eta instalazioak desjabetzea” proposatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 14a, 18:21

ELAko ordezkariak, sindikatuaren egoitzan eginiko prentsaurrekoan. / ELA

Sindikatuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro inbertitu dituela ixtear dagoen enpresan, eta emandako diru-laguntza horiek “defendatzea” eskatu dio erakunde publikoari.

Egunak aurrera doaz eta geroz eta gehiago estutzen ari dira Autoglas-Glavista ixteko espedientearen epeak. Hori kontuan hartuta, azken asteetan mahai gainean egon den balizko aukera bat formalki helarazi dio ELAk Eusko Jaurlaritzari: enpresaren kapitalean sartzea.

Sindikatuak gogorarazi du Jaurlaritzak 2,5 milioi euro eman dizkiola haizetakoak ekoizten dituen fabrikari azken urteetan, zenbait diru-laguntzaren bidez, eta nabarmendu du erakunde publikoak diru hori baliatu dezakeela enpresaren zati bat eskuratzeko.

Baina harago ere joan da sindikatua, eta beste neurri bat ezartzea ere eskatu du: Autoglas-Glavistaren etorkizuna bermatuko luketen lurrak eta instalazioak desjabetzea Guardian multinazionalari. Hau esan du zehazki ELAk ildo horretan: “Glavista bideragarria izan dadin, ezinbestekoa da multinazional horren eta proiektuan inbertitzeko prest dagoen enpresaren (Newco Anime Opco) arteko akordioa lortzea. Ildo horretan, beste neurri garrantzitsu bat da fabrika kokatuta dagoen lurrak eta instalazioak desjabetzea, gaur egun Guardianenak baitira”.

Ostegunean asanblada egingo dute langileek, eta elkarretaratzea deitu dute ostiralerako.

Horri lotuta, sindikatuak nabarmendu du Newco Anime Opco enpresak (Javier Garcia enpresariak proiektu honetarako berariaz sortutako entitateak) aurkeztutako bideragarritasun planak konkurtso administratzailearen eta merkataritza arloko epaitegiaren oniritzia jaso duela, eta bide horretan “konprometitzea” eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.  

Asanblada eta mobilizazioa aste honetan

Bien bitartean, Autoglas-Glavistako langileek mobilizazio zikloarekin aurrera jarraitzen dute, eta bi zita izango dituzte aste honetan. Ostegun goizean langile asanblada egingo dute Laudioko Lamuza parkeko kasinoan, 10:30ean.

Hurrengo egunerako, aldiz, herritar orori zabaldutako deialdia egin dute. Elkarretaratzea egingo dute 12:00etatik 13:30etara Guardianen sarreran.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide