“Autoglas-Glavista ixten bada, Aiaraldean eta Araban egongo den enplegu suntsiketaren dominoaren lehen pieza izango da”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abe. 4a, 22:45

Prentsaurreko bateratua eskaini dute Autoglas-Glavista eta Guardian enpresetako langileek, eta soluzioak exijitu dizkiete multinazionalari zein erakunde publikoei. 

Ez dago albiste berririk Autoglas-Glavistaren itxiera prozesuaren aferan. Hala jakinarazi dute enpresa horretako beharginek eta Guardian lantegikoek gaur eguerdian elkarrekin eskainitako prentsaurrekoan. “Urtebete baino gehiago igaro da ametsgaizto hau hasi zenetik, urtebete baino gehiago daramagu iristen ez diren soluzioen zain”, salatu dute bi enpresetako beharginek. 

Behin baino gehiagotan azaldutakoa jarri dute beharginek berriro mahai gainean: badagoela Autoglas-Glavistan interesa duen inbertsore bat, badagoela jarraipenerako proiektu bat, baina ez dagoela interesik Guardianen partetik egoera desbloketazeko. “Duela hilabete bat jakinarazi zitzaigun Guardian eta Amineren (balizko eroslearen) artean elkarrizketak berrabiarazi zirela, lursailen aferarekiko zeuden desadostasunak konpontzeko. Eta duela hilabete batetik gabiltza beste inolako albisterik izan gabe”. Horregatik, langileek uste dute Guardianen estrategia bat izan dela, “denbora galtzeko” bere “anabasa judiziala” konpontzen saiatzen den bitartean. “Denbora igarotzen utzi nahi dute, Glavistako 200 langileek kontratuak iraungi arte”.

Gauzak hala, “negoziatzera esertzea” exijitu diote multinazionalari, “berak sortu duen gatazka konpontzeko beharreko baliabideak jarriz”. Langileen aburuz, Autoglas-Glavistaz gain, Guardianen Laudioko lantegia ere dago jokoak: “ez dugu lantegi horietarako proiektu seriorik ikusten, eta erakundeek beraiek ohartarazi digute multinazionalak interes falta duela inbertsioen bidezko bermeak ezartzeko”.

“Domino baten lehen pieza”

Beharginen aburuz, gertatzen ari dena, “enpresa arazo bat” baino, “espekulazio arazo” bat da, “enpresa-iruzur arazo bat da, eta eskualdearen desindustrializazioarena ere bai”. Ohartarazi dutenez, beiraren sektorea suntsitzen ari dira.

Gauzak hala, “berehala” jardutea exijitu diete erakunde publikoei, “multinazional hauei boterea kentzeko”, etaaurreikuspen oso ezkor bat jarri dute mahai gainean: “Autoglas-Glavista ixten bada, Aiaraldeko eta Arabako enplegu susntsiketaren dominoaren lehen pieza baino ez da izango, eta hori ezin da onartu”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide