ARGAZKIAK

"Iristen ez diren konponbideen zain" jarraitzen dute Autoglas-Glavistako langileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abe. 20a, 10:56

Manifestazioa egin zuten atzo Autoglas-Glavistako langileek, erakunde publikoei irtenbideak eskatzeko. Prozesu juridikoa geldirik dagoen bitartean, "itxaronaldia jasanezina dela" salatu zuten beharginek, eta fabrika itxiz gero "domino baten lehen pieza" izango dela ohartarazi zuten.

Ehunka lagun batu ziren atzo iluntzean Autoglas-Glavista fabrikako langileek deitu zuten manifestaziora. Laudioko kaleak zeharkatu ostean, lantegiko atean amaitu zuten mobilizazioa, txalo zaparrada eta itxieraren aurkako oihu artean. Duela urtebete baino gehiago hasi zen langileek "amesgaiztotzat" jo duten prozesua: Autoglas-Glavista hartzekodunen aurrelehiaketan sartu zen eta 240 beharginen bizitzak guztiz baldintzatuta geratu ziren. 

Egoera blokeatuta

Denbora honen guztiaren ostean, konponbidearen zain jarraitzen dute Glavistako langileek. Prozesu juridikoa geldirik dagoela salatu zuten atzoko manifestazioan: "langileen egoerarentzat garrantzitsuak diren ebazpen judizialen zain gaude, baina itxaronaldia jasanezina izaten ari da".

"Enpresa erabaki espekulatzaile eta suntsitzaileak ezin dira jendearen gainetik egon, ezta erakundeen gainetik ere"

Autoglas-Glavistaren egoera guztiz blokeatuta dago,  "behar den guztia" mahaigainean dagoen arren, langileen aburuz. "Inbertsore interesdun bat dago, jarraikortasun proiektu bat dago, baina ez dago Guardianen interesik egoera desblokeatzeko".

Langileak "etsipen egoeran" daudela nabarmendu zuten: "Enpresa erabaki espekulatzaile eta suntsitzaileak ezin dira jendearen gainetik egon, ezta erakundeen gainetik ere".

Erakundeei deia

Eskaera zuzena luzatu zioten Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari: egoera bideratzeko irtenbideak bilatzea. Horri lotuta, Autoglas-Glavistako gatazka konpontzea "lehentasunezko" kontu bat izan behar dela aldarrikatu zuten beharginek.

"Hau ez da enpresa arazo bat, ezta soldata-kostuen arazo bat. Espekulazio arazoa da hau, enpresa iruzurren ondorio zuzena; eta eskualdeko desindustrializazioa sortzen ari da", salatu zuten manifestazioaren amaieran irakurritako testuan. Izan ere, fabrika itxiz gero, "domino baten lehen pieza" izango dela ohartarazi zuten. Hori dela eta, Aiaraldeko desindustrializazioa gelditzeko "baliabide guztiak" jartzea eskatu zieten instituzioei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide