ARGAZKIAK

"Euskararen kontrako oldarraldiaren aurka" plazara atera dira Laudion

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abe. 21a, 19:50

Laudioko Udaleko lanpostu bateko hizkuntza-eskakizunaren aurka jotzeko euskara “zaila” dela argudiatzen zuen epaia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Erabakiak hautsak harrotu ditu, eta dozenaka lagun elkartu dira Laudioko Herriko plazan "euskararen aurkako oldarraldi judiziala" salatzeko.

Indarrak batuta mobilizatu dira gaur eskualdeko eta Euskal Herriko euskalgintzako eragileak Laudioko Herriko plazan. Azaroaren 4ko Bilboko manifestazio jendetsuaren ondorengo egunetan Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak aurkezturiko Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aktibatuta deitu dute gaurko elkarretaratzea.

Euskararen aurkako "oldarraldi judizialak" etenik ez duela salatu dute gaurko protestan. "Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dira", nabarmendu du Kontseiluak.

EAEko Auzitegi Nagusiaren azken ebazpenak alarma guztiak piztu ditu euskalgintzako eragileen artean. Ebazpenaren ondorioz, duela urtebete baino gehiago Ana Maria Martinez Varas epaileak adierazitakoa bete beharko du Laudioko Udalak. Martinez Varasek "euskara munduko bosgarren hizkuntza zailena" zela argudiatu zuen hizkuntza eskakizunak betetzen ez zituen langile publikoaren aferan.

Euskal Herriko Kontseiluak azpimarratu du "premisa faltsu batek" lotzen dituela gisa honetako epai guztiak: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, hain zuzen ere.

Euskal Herriko Kontseiluak azpimarratu "premisa faltsu batek" lotzen dituela gisa honetako epai guztiak: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, hain zuzen ere. "Auzia oso bestelakoa da", aldarrikatu dute gaur arratsaldean, "elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Gehiengo sindikalak sententzia hauen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga". 

Egoera honen aurrean "isilik ez geratzeko deia" egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak: "ez ditugu gure eskubideen murrizketak onartuko eta ez ditugu sasi argumentu faltsuak ontzat emango. Euskaldunak gara eta hala bizi nahi dugu. Eskubidea dugu".

Atxikimenduak

Euskal Herriko zein eskualdeko dozenaka eragile sozialek, alderdi politikok eta sindikatuk egin dute bat gaurko protestarekin. Hauek dira mobilizaziora atxikitu diren eragileak:

  • ELA
  • LAB
  • STEILAS
  • Euskalgintzaren Kontseilua
  • Hizkuntz Eskubideen Behatokia
  • EAJ (Aiaraldea)
  • EH Bildu (Aiaraldea)
  • Omnia (Laudio)
  • Hogeitalau elkartea (Aiara)
  • Basalarrina Euskaltzale Elkartea (Laudio)
  • Sorginlarren (Laudio)
  • Kirikino Atseden Taldea (Laudio)
  • Aiaraldea Koop. Elkartea
  • Laudio Ikastola
  • Latiorro Ikastetxea (Laudio)
  • Laudio BHI-ko zuzendaritza
  • Areta Herri Eskola (Laudio)
  • Aresketa Ikastola (Amurrio)
  • Urduñako Herri Eskola
  • Mendiko Eskola (Amurrio)
  • Zabaleko Ikastetxea (Amurrio)
  • AEK (Aiaraldea)
  • Laudioko Udal Euskaltegia
  • Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataforma
  • Laudioko Udaleko Langile Batzordea
  • Aiaraldeko Gure Esku Dago

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide