Folk doinuak nagusitu ziren atzo iluntzean Laudioko Kulturlab 03 espazioan, Goiatz Duttoren eskutik. Musikari laudioarrak kitarrarekin, mandolinarekin eta bibolinarekin eskaini zuen kontzertua, bakarlari gisa. Hala ere, soinu indartsua lortu zuen sortzaileak, loop-ak baliatu baitzituen jotzen zituen instrumentuak bata bestearen gainean entzun zitezen.
Emanaldi sorta potentea du aurretik Duttok. Urduñan agurtuko du urtea, abenduaren 29an Gernika kafetegian eskainiko duen emanaldiarekin. Baina 2024a Suitzan hasiko du, kontzertuak eskainiko baititu herrialde horretan urtarrilaren 3 eta 5ean. Ondoren Alemaniara egingo du salto, eta Belgikan amaituko du Europako bira azkarra, 7an.
Dena den, Duttoren zaleek beste ezinbesteko zita bat izango dute gaur bertan (abenduak 23), Laudioko Gazela aretoan joko baitu Moonshine Wagonekin, urtea agurtzeko.
Argazkiak: Miguel Brizuela