Harago joan dira gaur Laudioko Mugimendu Feministako kideak. Ez dira mugatu duela astebete herrian jazotako eraso matxista salatzera. Kasu gehiago jarri dituzte mahai gainean. "Etengabean ari gara ikusten erasoak gure herrian: jaien testuinguruan, lan esparruetan, osasun zitetan, herriko kirol taldeetan, eraso transfoboak herriko tabernetako komunetan... eta ez gaude onartzeko prest", aldarrikatu dute gaur eguerdian Alberto Acero plazan eginiko elkarretaratzean.
Ildo horretan, ohartarazi dute oraindik ere oso txikia dela publikoki salatzen diren erasoen ehunekoa. "Hamaika eraso isilarazten dira egunero, normalizatuz edo guretzat gordez".
Horri lotuta, datozen egunetako Gabonetako ospakizunetan jarri dute begirada, eta testuinguru horretan jazotzen diren erasoei aurre egiteko deia luzatu. "Gabonak garai bereziki bortitza da jende batentzat. Mesedez, egon adi. Ez begiratu beste alde batera, ez izan konplize. Familian eraso bat ikusten baduzu, izan zaitez zu zure ama, izeko edo lehengusina erasotzen ari den senide matxista horri aurre egiten diona". Era berean, hausnarketarako gonbita ere luzatu dute mugimendu feministako kideek, Gabonak prestatzeko ardurak noren gain geratzen diren ikusteko.
Beste aldetik, erasoak pairatzen dituztenei ere luzatu diete mezua: "erasorik jasaten baduzu, hemen egongo gara. Erantzun guztiak daude ondo, zuk behar duzuna egin dezakezu, eta bide horretan Mugimendu Feministarekin harremanetan jar zaitezke. Behar eta nahi baduzu, hemen gaude denok elkarrekin aurre egiteko; ez da zuk bakarrik jasan beharreko zerbait".
Bukatzeko, lanean jarraituko dutela iragarri dute, "zaintza erdigunean kokatzen duen Laudio transfeminista" eraikitzen, "elkarrekin eta etengabean".