Kultur sorkuntza Aiaraldean

Urtarrilaren 17an argitaratuko du Txani Rodriguezek bere eleberri berria

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abe. 26a, 13:09

Liburuaren azala plazaratu dute dagoeneko. / Seix Barral

Kortxoaren ekoizpenaz bizi den herrixka baten istorioa kontatuko du idazle laudioarrak liburuan. 

Urte berriarekin batera argitaratuko da La Seca, Txani Rodriguezen liburu berria. Idazle laudioarrak Espainiako estatuaren hegoaldean girotu du bere eleberri berria, naturgune babestu batean dagoen eta kortxoa ekoizten duen herri batean. 

La seca, hain zuzen, artelatzen (kortxoa ekoizteko baliatzen diren zuhaitzak) gaixotasun bati egiten dio erreferentzia. Gaitz hori herrira iristen denean, bertako auzokideek beste bizimodu batzuk bilatzeari ekingo diote, eta horrek talka egingo du herrira uda igarotzera doazen hiritarrekin, hauen lehentasuna ingurunea babestea izango delako.

Istorio horren bidez, etorkizuna ikusteko bi modu irudikatuko ditu Rodriguezek, Nuria izeneko protagonistaren bidez. "Protagonista ere apur bat lehorra iruditu dezake, baina epaitzeko ezagutu egin behar da lehenbizi", azaldu du idazleak bere sare sozialetan, "urtarrilean, hala nahi baduzue, istorio hau zuena izango da nirea baino gehiago".

Hain zuzen, urtarrilaren 17tik aurrera eskuratu ahalko da liburua, baina aurresalmenta abian dago dagoeneko. Seix Barral argitaletxearekin errepikatu du Rodriguezek oraingoan ere, 2020an Los últimos románticos nobela plazaratu eta gero. Obra hori izan zen idazle laudioarrak orain arte plazaratutako lanik entzutetsuena, Euskadi Literatura Saria irabazi baitzuen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide