Txani Rodriguezi eman diote gaur Eusko Jaurlaritzako Euskadi Saria. Zehazki, bera garaile izan da gaztelerazko eleberrien kategorian, Los últimos románticos idazteagatik.
Idazleak adierazi dio Aiaraldea Hedabideari duela astebete zekiela jasoko zuela saria, baina ezin zuen ezer esan: "Poztasun hori adierazteko ezintasuna egoera arraroa izan da".
Aitortzari dagokionez, Rodriguezek azpimarratu du jaso duen maitasuna: "Izugarri pozik nago oso maitatua sentitu naizelako lankideen aldetik. Dena oso polita izan bada ere, hori izan da bereziena".
Hala ere, laudioarrak ez du burua galdu nahi eta bere ohiko jarduerari eutsi dio: "Egun oso bizia izaten ari da eta hamaika dei jaso ditut, baina orain klase bat emango dut, aurretik hitzartuta bainuen. Orain telefonoa itzaliko dut eta egunerokotasunera itzuliko naiz".
Gaurko beste sarituak izan dira Alex Gurrutxaga -Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria-, Mikel Reparaz -Las grietas de América- eta Javier de Isusi -Transparentes. Historias del Exilio Colombiano-. Eta horri gehitu behar zaio Pello Lizarralde, -Argiantza-, Anjel Lertxundi Esnal -Haltzaren Muinoa- eta Joxan Elosegi Agirre -Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak- saritu zituztela ere pasa den astean.
Zehazki, epamahaiak goraipatu du Rodriguezen ahotsa, hori izan baita atentzioa eman diena, detaileari eskainitako arretaz gain. Sariak berez 18.000 euroko balioa dauka, baina askoz garrantzitsuagoa da literatura mailan duen ospea.
Laudion girotua, mundura zabalduta
"Los últimos románticos" liburua Laudion dago, gehienbat, girotua. Ohiko ezaugarria da hori Txani Rodriguezen literaturan. Izan ere, Agosto ere, neurri handi batean, herrian kokatuta zegoen eta Si quieres, puedes quedarte aquí liburuan ere Aiaraldea oso presente zegoen.
Tokikotasuna, edonola ere, ez da oztopo izan bere zabalpenerako. David Perez Sañudo zinemagilea -Ane pelikularen arduraduna"- hautatu dute testua zinemara moldatzeko. Horrez gain, Turkian eta Italian itzuliko dute eleberria.