Txato Nuñezen ibilbidea errepasatu eta omendu du Athletic Clubak, Laudion bizi den jokalariari buruzko ikus-entzunezko pieza bat plazaratuta, euskara hutsez. Modu horretan eskertu nahi izan diote kirol-erakundearen 125. urteurreneko azken jaian ospatu zen jokalari ohien partidan aritu izana.
Nuñez bera agertzen da bideoan, Laudioko kaleetan barrena ibiltzen eta talde txuri-gorrian eginiko ibilbidea kontatzen. Hainbat artxibo irudi ere ditu erreportajeak, jokalariaren une loriatsuenak gogora ekartzeko.
"Tolosan jaio eta Laudion finkatutako jokalariak 30 urteak beteta bete zuen talde zuri-gorriko defentsaren ezker hegala, Luis De la Fuenterekin batera", gogorarazi dute Clubeko kideek, eta nabarmendu dute kirolariak "funtsezko garrantzia" izan zuela 1984an lortutako kopan. "Izan ere, finalerdietan Real Madrilen aurka penalti erabakigarria sareratu zuen eta finalean FC Barcelona garaitu zuen hamaikakoaren parte izan zen baita".