Ostiralean 42 urteko gizonezkoa hil zen Laudioko anbulatorioan mediku baten arreta jaso barik. Gertakaria salatzeko gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo du bihar osasun azpiegituraren aurrean, 11:30ean, hain zuzen. Deialdiaren lema "Osakidetzan prekarietateak hiltzen du" izango da eta erakundeko iturriek adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari medikuen eta bitartekoen gabezia kritikatuko dutela.
Sindikatuek ez ezik, OPA herri plataformak koordinakundeak ere oharra zabaldu zuen atzo eta hitz oso gordinak izan zituen Osakidetzako zuzendaritzarentzat: "Kasu honetan, argi geratzen da sailburuaren eredu-aldaketaren ondorioz pertsona hori erizaintzako langileen eskuetan hil dela".
Halaber, ardurak argitu eta ondorioak egon behar direla exijitu du platafornak: "Ostiral horretan, infartua izan zuen pertsona bat joan da eta ez du asistentzia medikorik izan Laudioko EAGn; tamalez hil da. Gertaturiko egoera zentzugabea da, eta koordinakundearen ustez ikerketa eta azalpen publiko eta gardena behar du. Egoera horrek inflexio-puntu bat izan behar du, lehen mailako arretako zentroen kudeaketa erabat gardena eta informatua izan dadin, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten tresnekin, eta, gainera, hurbileko arreta duina eta % 100 publikoa bermatuko dituena. Onartezina litzateke egoera horrek ondoriorik ez izatea".
JEZ enpresako lankideen pankarta
ELAko afiliatua eta JEZ enpresako langilea zen ostiralean zendutako gizonezkoa eta sindikatuak adierazi du zuzendaritzak jarrera positiboa izan duela bere iniziatibari dagokionez. Izan ere, lantegiko behargin guztiek izango dute baimena gaurko hiletara eta biharko mobilizaziora joateko, hori bai, gero berreskuratu beharko dituzte orduak. Berez, gaur bertan lantegian minutuko isilunea deitu dute heriotza gogoratu eta salatzeko. Hala ere, bihar enpresako langileek ELA eta LABen izenean sinatutako pankartarekin joko dute mobilizaziora.