Frontalak buruan Elorritxugane eta Jesuri mendi inguruan lasterka arituko dira dozenaka kirolari datorren martxoaren 24ko gauean, ElorritxuGauez trail lasterketaren edizio berrian. 2020an estreinatutako kirol proba antolatu du berriro Orkatzak Mendi Klubak, Mugagabe Trail lasterketa bezala bi urtean behin errepikatzeko asmoarekin.
Antolatzaileek Laudioko Alebrto Acero plazatik abiatuko den 17 kilometroko luzera eta 800 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea prestatu dute. Lasterketa 19:30ean abiatuko da, eta afari festa iragarri dute hau bukatzen denerako. Iragan urtarrilaren 14an ibilbidea ezagutzeko irteera antolatu zuen Orkatzak Klubak. kirolariak lasterketa prestatzeko asmoz.
Ekimena solidarioa izango da gainera. Inskripzio bakoitzeko euro bat X Hauskorraren Sindromearen Espainiako Federaziora bideratuko dute.
200 parte hartzaile baino gehiago
Dortsal gutxi batzuk geratzen dira eskura martxoaren 24ko hitzorduan parte hartzeko. Azaroaren 1ean ireki zuten izen emate epea, eta honezkero 221 kirolarik jaso dute dortsala. Zifra hauekin antolatzaileek aise gainditu dute lehenengo edizioko parte hartzaile kopurua; orduko hartan 128 kirolari izan ziren lasterketan.
Bi modalitatetan parte hartu ahalko da kirol proban; banaka edo bikoteka. Martxoaren 17a da gaur gaurkoz eskuragarri dauden 29 dortsaletako bat eskuratzeko azken eguna, eta otsailaren 28tik aurrera hauen prezioa igo egingo da. Internet bidez egin behar da izen ematea, esteka honetan.