Polizia dispositibo zabala gauzatu zuen bart gauean Ertzaintzak Laudioko Zubiko Kurajo kaleko bi tabernatan. Laudioko ertzain-etxeko agenteek, Brigada Mugikorrak eta Txakurren Unitateko kideek parte hartu zuten operatiboan.
20:30ean abiatu zuten ertzainek operazioa, tabernetan eta hauen inguruan jendetza bilduta zegoen unean. Agenteek kalea moztu, ostalaritza establezimenduetako jarduera guztiz eten eta bertan bildutako lagun guztiak identifikatu zituzten banan-banan.
Atzo Laudion drogen aurka egindako sarekada ikusgarriaren irudiak zabaldu dituzte herritarrek sare sozialetan. pic.twitter.com/hGoywyu7cv
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 20, 2024
Hamazazpi zigortu eta bi ikertu
Guztira bi tabernetan zeuden hamazazpi lagun zigortu ditu poliziak, Ertzaintzaren prentsa bulegoak zabaldutako informazioaren arabera. Hamahiru pertsona zigortu zituzten substantzia estupefazienteak kontsumitzeagatik eta beste hiru arma zuriak bide publikoan edukitzeagatik.
Azkenik, ostalaritza establezimenduetako baten arduraduna ere zigortu zuten kudeatzen duen tabernan drogaren kontsumoa toleratzeagatik.
Horrez gain, beste bi pertsona gehiago ikerketapean utzi zituzten bart, droga-trafikoko delitu bana egotzita. Ikertuetako bat 70 gramo haxix zituen, polizia iturrien arabera. Ertzaintzak zabaldu duenez, bigarren ikertua tabernetako baten komunetan aurkitu zuen poliziak, droga-trafikoarekin lotutako materiala ezkutatzen. Txakurren Unitateak 40 gramo haxix eta baskula bat topatu zituen bertan, beti ere polizia iturriek zabaldutakoaren arabera.
Herritarren haserrea
Bart gaueko operazioak herritar ugariren haserrea piztu zuen. Tabernetako batek salatu du Ertzaintzak establezimenduko jarduera eten zuen unean afari zerbitzua eskaintzen ari zirela. Beste lekuko batzuek hainbat polizia agenteren jarrera oldarkorra ere salatu dute.