David Hernandez ('Fabi' gisa ezaguna) Latiorro auzoko semea zen. Hango ikastetxean egon zen hainbat urtez eta hainbat lagun egin zituen auzuneko kaleetan. Horien artean zeuden Oskar Jurado, Endika Mendibil, Santi Pascual edota berriki ilusioz beteta berarekin harremana hasi zuen emakumea, zeinak nahiago duen anonimotasunean mantendu.
Guztiek azpimarratzen dute eskuzabala, jatorra eta umoretsua zela. "Inoiz ez zenekien nondik aterako zen", adierazi du Oskar Juradok. Besteengan pentsatzen zuen maiz, bere buruan baino. "Ordu pilo igaro dugu elkarrekin eta inoiz ez nizun hitz txar bakarra entzun inori buruz. Benetan. Adiskide jatorra, beti lagunekin egoteko prest, laguntzeko edo aholku on bat emateko. Leku orotan aztarna uzten duen horietako bat. Eta errepikatzen dut Fabirekin hitz guztiak motz geratzen direla" idatzi du Endika Mendibilek (testu osoa hemen irakurri daiteke).
Barruan zuen alaitasuna ume baten izaerarekin parekatu du berarekin denbora partekatu duen emakumeak (eskutitz guztia hemen): "Zure irudi gogorraren atzean -argazkietarako plantak egitea gogoko zenuen-, zu bezain bihotz handia zenuen: noblea, eskuzabala, beti partekatzeko prest eta besteei laguntzeko, trukean ezer espero gabe. (...) Haur izaera zenuen, baina, aldi berean, oso heldua eta arduratsua zinen gai serio eta garrantzitsuetan".
Oskar Juradok ere haur alde hori azpimarratu du: "Frikismoa partekatzen genuen: animeak, zinema, mahai jokoak, Star Wars... Berak behin eta berriro errepikatu zidanez, One Piece ikusten hasi nintzen. David 800. atalean zegoen eta ni 600. atalean. Nire asmoa zen bera harrapatzea. Egia esanda, afinitate handia genuen eta ez zen beharrezkoa egunero elkarrekin egotea. Boladak egon ahal ginen batu gabe eta berriro topo egitean, beti bezala aritzen ginen. Oso gogoko zuen imitazioak egitea, abestiei letrak aldatzea ni zirikatzeko eta, apur bat umea zenez, etxetik ateratzean miatzen nuen, janaria eramaten baitzuen. Behin nire gurasoen fuet batekin harrapatu nuen", gogoratu du barrezka bere lagunak.
Katalunian ere lagunak
Kataluniara bizitzen joan zenean, alde friki horrek balio izan zion lagun kuadrilla egiteko. Horietako batzuk hiletara igo ziren, Pau Lopez Vilak azaldu duenez: "Adiskide ugari utzi ditu hemen. Talde txiki bat baino ez ginen igo, oso bat-batekoa izan zelako bere heriotza eta jende orok ez zuelako aukerarik izan baimena eskatzeko lanean".
Zehazki, David Hernandezek Santa Perpetuan igaro zituen urte batzuk, Bartzelonatik gertu dagoen herri batean: "Cyber-kafe batean ezagutu genuen. Duela 18 urte izan zen eta guztiok erabiltzen genuen tokia Internet baliatzeko edo bideojokoekin aritzeko. Berarekin, adibidez, mahai jokoetan jolastu genuen pilo".
David Kataluniatik joan zenean, ez zuten harremana eten eta hainbat aldiz egon dira Pau eta bere lagunak Laudion: "18 urte bete berri parte hartu nuen Lauidoko Jaietan lehenengo aldiz, duela 18 urte, hain zuzen. Sei aldiz egon naiz jaietan eta beste lagun batzuk, heavy metala gogoko dutenak, hainbat aldiz igo dira hona, jaialdietara eta berarekin egoteko. Anai nagusi bat zen niretzat".
Laudio Metal eta Axut
Hain zuzen, Laudiora itzultzean, metal musika izan bere denboraren ardatz nagusietako bat. Nahikari Fernandez de Agirre bere lagunak gogoratzen duenez, Bilboko Iturribide kalera jotzen hasi ziren, hango taberna heavyetara eta, lehenik eta behin, Axut taldeko abeslari bilakatu zen. Hala oroitzen du Nahikarik: "Taberna batean geunden, ez dakit Zerua zen, eta David abesten ari zen. Axut taldekoek entzun zuten (bat Laudiokoa zen) eta proiektura batzea proposatu zioten".
Axutekin hainbat kontzertu eskaini zituen Davidek, maiz Euskal Herritik kanpo. "Nik tarte bat nuenean eurekin joaten nintzen, Zaragozara edo Logroñora, adibidez", aipatu du Nahikarik berak.
Baina Bilbora egindako irteera horiek uzta oparoagoa ere eman zuten. Santi Pascualek argitu du herriko hainbat jende elkartzen zenez, kuadrilla osatu zutela, eta handik sortu zen lokal bat kudeatzeko ideia. David buru belarri sartu zen egitasmoan eta bilaketa horretan Laudio Metal asmatu zuten.
Horrela, Gardeako pabilioi bat alokatu zuten, egun Gorobel Crossfit dena. "David eta biok egin genuen bilera jabearekin", oroitu du Nahikarik.
Proiektuak zenbait urtez funtzionatu zuen, harik eta Udalaren aginduz itxi zuten arte. Egitasmoaren motore garrantzitsua bilakatu zen Fabi. "Beti ekarri nahi zituen gogoko zituen taldeak, are eta ezagunagoak, hobe. Alegia, proiektu bat prestatzen ari zen nazioarteko bandak ekartzeko, baina orduan heldu zen itxiera", adierazi du Nahikari Fernandez de Agirrek.
Santi Pascualek ere gogoratu du inplikazio handia zuela Laudio Metalen: "Taldeak deitzen zituen eta alojamendua ere bilatzen zien".
Lankide ona
Lanaren esparruan, JEZ enpresako langilea zen David Hernandez eta bere lankide asko, gainera, lagunak ziren aurretik. Horien artean zeuden Santi Pascual eta Endika Mendibil. Biek goraipatu dute lankide ona zela eta umorez betetzen zuela lanaldia: "Txikitatik elkar ezagutzen genuen eta bizitzak nahi izan du hainbat urtez lantegian egotea, une onak igarotzen, David inoiz ez baitzen haserretzen. (...) Astebete baino gehiago pasa da eta zure galeragatik negar egin ondoren, egunerokoa gogorra da. Orain begiratzen ditut zu egon ohi zinen leku horiek lantegian edota auzoan eta han ikusten zaitut, zure irribarrearekin, beti bezala!".
Enpresan Fabiren hutsunea bistakoa izango da. Izan ere, lankideek erabaki dute bere armairua lan tresnen armairua bilakatzea. "Son Gokuren irudi bat margotu zuen eta dena dagoen moduan utzi nahi dugu. Bere kamiseta bat ere jarri nahi genuen bertan, bilatzen ari gara ea topatzen dugun", azaldu du Santi Pascualek.
Kirola
Daviden beste zaletasun bat kirola zen, zehazki, borroka diziplinak. MMA praktikatu zuen eta bere irakaslea Bilbora joan eta urte batzuetara, Ricky Hernandezen gonbidapena jaso eta Bushikan klubean aritu zen hiru urtez. Kajukendoko gerriko urdina eskuratzera heldu zen.
Hernandezek berak adierazi du "dibertsioa, umorea, izaera vikingo hori, oso tipo handia zen kanpotik zein barrutik. Asko egiten zuen barre, askotan jo naiz berarekin eta horretan ere barre egiten genuen".
Politika eta konpromisoa
Bere izaera ireki eta lasaiagatik, David edozein ideologiako jendearekin batzen zen. Oskar Juradok aipatu du "PP eta PSOEko jendea elkartzeko" gai zela, "eta hori bera bakarrik egin ahal zuen".
Hala ere, laudioarrak konpromiso politikoa hartu zuen Omniarekin, eta alderdiak pasa den astean gogoratu zuen bere jarduera, horretarako deitutako prentsa agerraldian.
Horrez gain, berarekin denbora partekatzen zuen emakumezkoak azpimarratu du bere ideiekin konprometitua zegoela: "Greba bat deitzen bazen eta bera arrazoi horietan sinisten bazuen, grebara batzen zen. Adibidez, azken greba feministan parte hartu zuen, besteak beste, nagusien egoitzetako langileen eskubideen defentsan".
Emakumearen aburuz, berak nahiko luke bere heriotza balio izatea Osakidetzako egoera hobetzeko.
Hutsunea eta agurra
Daviden heriotzak hutsune anitz utzi ditu esparru ugaritan. "Zure ausentziak irribarrea lapurtu dit eta arima mintzen zait faltan sumatzen zaitudan bakoitzean. Izugarri sentitzen dut zure falta, David" idatzi dio berarekin ilusioz beteriko uneak bizi izan dituen emakumeak.
Baina jende gehiagoren artean ere sentsazio bera zabaldu da. JEZeko langileek bere armairua mantenduko duten moduan, Bushikan klubeko kideek entrenamendu saioa eta omenaldia egingo diote larunbatean eta Aste Santuan Aldeaquemadan (Oskar Juradoren familiaren herrian) ere asmoa dute ekitaldia antolatzeko. Laudio Metalen ibiltzen ziren lagun batzuek ere aipatu dute kontzertu edo jaialdiren bat prestatzeko asmoa dutela.
Dena den, horietako askok behin betiko agurra egin zioten tanatorioan bertan. "Ezagutzen dugu tanatorioko langileetako bat eta iradoki zigun, pen-drive bat izanez gero, musika jarri ahal genuela. Twilight of the thunder god kanta entzun genuen, lagun batek eskutitza irakurtzen zuen bitartean", azaldu du Nahikari Fernandez de Agirrek.
Abestia Amon Amarth talde suediarrarena da eta Nahikarik aukera baliatu du gogoratzeko Daviden talde kuttunena zela. Hainbat aldiz ikusi zuten eta behin, Santana Aretoan jo behar zutelarik, Davidek bere disko guztiak eta bandak ateratako edizio mugatuko panpin batzuk ere eraman zituen. "Txundituta geratu ziren Amon Amartheko kideak eta gauean gurekin egon ziren denbora luzez. Gero, kontzertuetan ikusten bazuten, ezagutzen zuten".
Amon Amarth taldearen abesti asko vikingoei buruzkoak dira eta horri erreferentzia eginda agurtu du betirako Endika Mendibilek: "Bidaia on gerlari. Valhallan ikusiko dugu elkar"