Araba Karate Clubean egingo dituzte lehenengo aldiz gerriko beltza eskuratzeko azterketak otsailaren 17an, 9:00etan. Angel Daza hirugarren mailako entrenatzailea eta Graduen Epaimahaiko Epaile tituluduna denez, probak Laudion bertan deitu ditu 30 karateka baino gehiagorentzat.
Hitzordu berezia izango da arrazoi anitz dela eta. Hasteko, lehenengo aldiz deitu dute azterketa udalerrian eta zortzi laudioarrek eman dute izena. Lehen Dana lortzeko lanetan Nuria Baños, Amaia Gordon, Eduardo Lopez, Aimar Garzon eta Harriet Artaraz arituko dira. Bigarren Daneko gerriko beltza janzteko eskubidea bereganatu nahiean, aldiz, Eva Conejero, Ander Palacin eta Fernando Urquijo arituko dira.
Gainera, emakume batek EAEko epaimahai baten osaketan parte hartuko duen lehengo aldia izango da. Naroa Lezkano Ying-Yang klub gasteiztarreko kidea arituko da zeregin horretan.
Azterketa luzeak izango dira, eta parte hartzaileek, zenbait eraso eta defentsa teknika menperatzen dituztela erakusteaz gain, azterketa teorikoa gainditu eta aurkari batekin borrokatu beharko dira.