Bi egunez luzatu dira Orbeko Etxeko Jardunaldi politikoak. Laudio eta Aiaraldeko okupazio eta autogestio esperientziei buruzko mahainguruarekin abiatu zuten egitaraua larunbat goizean. Bazkariaren eta bingo musikatuaren ostean, beste bi solasaldirekin bete zuten arratsaldea. Txao Titis kolektiboko kideek hartu zuten hitza lehenbizi, "militantziaren eta gorputz disidenteen" arteko harreman eta gatazkei buruz hitz egiteko.
Jarraian, Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideak bertaratu ziren Orbeko Etxera, erakundearen jardunari eta etxebitzaren auziak duen potentzialitate politikoari buruz mintzatzeko. Egunarekin amaitzeko, Gadugi rap taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Igandean, aldiz, krisi ekosoziala eta horri lotutako alternatibak jorratu zituzten, Sukar Horia kolektiboko eta Otxantegi Herri Lurreko kideekin. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformako kideek era parte hartu zuten mahainguruan, eskualdean ezarri nahi diren proiektu eoliko eta fotovoltaikoen inguruan solasteko.
Argazkiak: Orbeko Etxea