Larunbat honetako San Blas azokan omenduko zaituztete. Nola jaso duzue albistea?
Oraindik aktibo gaude eta harritu egin gaitu apur bat, ez garelako horren nagusiak. Baina ez dago inor gure gainetik eta egokitu zaigu, hori da gertatu dena (barreak).
Orain badaude baserri munduan pertsona batzuk 50 urte inguru dituztenak, baina hortik behera oso jende gutxi dago.
Zertan aritzen zarete Goirizabal baserrian?
Elikagaien ekoizpenean, funtsean; eta ingurugiroaren mantentzean. Bideak ireki, paisaia kontrolatu… horretan aritu gara 40 urtez.
Asko aldatu da baserri mundua 40 urte hauetan zehar?
Asko aldatu da ekoizteko modua, kopuruak, espezializazioa… lehen aniztasun gehiago zegoen. Orain aniztasun gutxiago dago eta kopuru gehiago. Lehen lana ez zegoen horren mekanizatuta. Hori ona da, baina, bestalde, asko galdu da zuzeneko harremana kontsumitzailearekin, hirugarrenen bidez doa dena. Gauzak toki batean hasten dira hortik ehunka kilometroa amaitzeko. Gauza asko utzi zaio produzitzeari, Europar Batasunetik kanpo produktu asko datozelako merkatuak hondoratzera prezioak erdira jaitsiz. Orain ikusten ari gara Frantzian piztu den arazoa, baina Europa guztian ari gara sufritzen egoera bera.
“Orain ikusten ari gara Frantzian piztu den arazoa, baina Europa guztian ari gara sufritzen egoera bera”
Frantziakoa bezalako gatazka bat piztuko da hemen ere?
Bai, badaude mobilizazioak pentsatuta Araban. Baina dena korapilatzen da eta jende asko ez da mobilizazio jendetsuetan ateratzera animatzen, protagonismoa hartu dezaketen oportunista politikoak egon daitezkeelako. Horren aurrean, hemen zein Nafarroan esaten ari dena da ez dela politikaririk ikusi nahi manifestazioetan. Ez dugu euren beharrik, eurek ez gaituztelako egoera bideragarri batera eraman.
Izutu egiten gara beste herrialde batzuetan hainbat kilometrotako suteak ikusten ditugunean. Baina horregatik sortzen dira halako suak: ez dagoelako mendiak dagoen erregai guztia jango duen animaliarik. Horren adibide da Balmasedan duela lau hilabete jazotakoa. Duela 35 urte antzeko sute bat piztu zen toki berean, baina ez zen etxerik erre. Zergatik erre dira orain? Ba, logikoki, ez dagoelako etxeak ezta mendiak zainduko dituen inor. Mugak ezartzen joan gara gauza guztiei, txerriak etxean hiltzeari, kasu. Dena galdu da, erregaia mendian geratu da eta erregai horrek, egun batean, sua hartzen du. Horretara aspiratzen dugu gizarte moduan? Ba hori da izango duguna.
“Dena galdu da, erregaia mendian geratu da eta erregai horrek, egun batean, sua hartzen du”
Baserritarra ez da, beraz, elikagai ekoizle hutsa.
Ez, denetarik egiten dugu. Ahuntz bat baldin baduzu, ahuntzak sastrakak jango ditu, berez erregai mota bat dena. Ardiak antzera. Abeltzaina da basoak existitzea nahi duen lehena, udan itzala ematen dutelako, eta elikagaia udazken-neguan. Artzain eta ikazkinei botatzen ari zaie azken 100 urteetan basoetan gertatutakoaren gaineko errua. Nor bota zituen haritzak? Ikazkinak ez ditu zuhaitzak errotik kendu nahi, inausi baizik, handik urte batzuetara adar berriak sortu daitezen. Zertara jolasten ari gara? Pobrea kriminalizatzen ari da, bizirautera mugatzen den hori. Bakoitzak hausnartu dezala ea zerekin egin diren etxeak, ontziak, trenbideak…
Prezioak, laguntza-falta… zein da baserri munduaren mehatxu nagusia gaur egun?
Gobernuak orain tematuak daude, logikoki, Kontsumoaren Prezio Indizea (KPI) mantentzearekin. Horretarako, inportazioak baimendu egiten dira beste herrialde batzuetatik ekarritako produktuekin, osasungarriak direla esanez. Ikusi beharko genuke kalitate azterketa horiek hemen berriro egingo balira zer emaitza emango luketen, baina tira, KPIa mantendu behar denez, horrela mantentzen dugu, inportazio masiboen bidez. Herrialde pobreak dira, elikagaiak saldu behar dituztenak biziraun ahal izateko, eta gu hain gara harroak elikagaiak pobreei erosten dizkiegula. Horren bere ondorioak ekarriko ditu azkenean.
Aipatzen ari garen testuinguru orokor horrek zer isla du Aiaraldeko eta Laudioko baserritarren egoeran?
Gaur egun, adibidez, zaila da baserrian untxiak dituen norbait topatzea. Lehen Laudion bazegoen hiltegi bat zeinetan untziak sakrifikatzen ziren. Araudiak atera ziren untxien hilketa ekiditeko eta jada ez zitzaion inori interesatzen animalia horiek izatea. Nori salduko zenizkion? Mota horretako “osasun exijentziak” direla eta, ekoizteari utzi zaio. Orain politikariak konturatu dira badagoela elikagaien eraldaketarako zentroak izateko beharra. Horretan jarri dira Urduñan, Laudion emaitza batzuen zain gaude… orain ari dira konturatzen, jada ez dagoenean inor bultzada emateko prest.
“Herrialde pobreak dira, elikagaiak saldu behar dituztenak biziraun ahal izateko, eta gu hain gara harroak elikagaiak pobreei erosten dizkiegula. Horren bere ondorioak ekarriko ditu azkenean”
Zuei zer ahalbidetu lizueke horrelako azpiegiturak sortzeak?
Publikora iristea berme guztiekin, harreman zuzenago bat garatuz, saltzaile handiekiko horrenbesteko menpekotasunik izan gabe.
Bultzada emateko prest jenderik ez dagoela aipatu duzu. Ez dago belaunaldi berririk?
Oso gutxi, ikusiko dugu. Gauza erakargarriak egiten badira jendea batuko da. Hemen agian ez dago txirrindulari handirik, baina badago txirrindulan dabilen jendea, eta bizikletentzako bide bat egiten bada jendea animatuko da bertatik ibiltzera.
Posiblea da baserritik bizitzea?
Gure kasuan gure bizimodua da. Duela gutxi irakurri dut baserritarren %70a 60 urte baino gehiago dituela. Logikoki, 5-6 urteetan, ustiategien %70a itxiko da. Nola eman sarbidea jende berriari? Ba ez dago argi. Ez dakit jendea animatuko den pabilioi bat alokairuan ematera bere etxea alboan badago. Erretiratzen den jendea prest egongo da bere etxearen parean baserriko mugimendua izaten jarraitzera? Azpiegitura berriak eraikitzea ere zaila da, dauden araudi eta epeengatik. Jarduera baimena jasotzen duzunerako 2 urte igaro daitezke, eta agian ordurako jada kendu zaizkizu jarduera hori egiteko gogoak.
“Nola eman sarbidea jende berriari? Ba ez dago argi. Ez dakit jendea animatuko den pabilioi bat alokairuan ematera bere etxea alboan badago. Erretiratzen den jendea prest egongo da bere etxearen parean baserriko mugimendua izaten jarraitzera?”
Egoera hori ikusita, zerk motibatzen dizue aurrera jarraitzera?
Ba tira, bizitzeko modu bat da, eta erresistitu egiten duzu. Borroka aktiboa da baserritarrona (barreak).
Kanpotik ikusita, lan gogorra dirudi zuena.
Deserosoa izan daiteke animaliei jaten ematea abenduaren 25an edo urtarrilaren 1ean, baina badago baita egun horietan lanean dauden medikuak edota fabriketako beharginak.
Baserritarren artean badaude produktu zehatz baten ekoizpenean zentratu direnak, baina zuek, aipatu duzunez, fronte askotan zabiltzate.
Bai, egon da espezializaziorako joera. Baina bagaude beste batzuk antzinako eredura jo dugunak, zeinetan ez dagoen kanpokoarekiko horrenbesteko menpekotasunik.
Abantailak ditu, beraz?
Bai, ez duzulako horrenbesteko menpekotasunik hirugarrenekiko. Banaketa kate handiek prezio bat ezarri ahal dizute, eta zuk irentsi egin behar duzu. Ba irensteko prest ez gaudenok beste bide batzuk bilatzen ditugu.