Laudioko EAJko udal taldeak oharra plazaratu du kritikatzeko EH Bilduk eta Omniak ez dutela, bere aburuz, lehen sektorearekin konpromisorik. Hori adierazteko, jeltzaleek argudiatu dute EH Bilduk ziurtatu zuela hauteskunde kanpainan Belardi Haragi Eraldaketarako Zentroarekin hitzarmena egingo zutela Udal Gobernu Taldean egon bezain pronto.
Hitzarmenik ez denez sinatu, EAJk uste du udal hiltegiaren itxierarekin egindako lanketa izan zela "alderdi politiko horrek laudioarrekin hauteskundeetan egindako manipulazioa".
Oposizioko talde nagusiaren iritziz, "alkatetza berriak 8 hilabete bete dituenean, frogatuta geratu da alderdi abertzaleari ez zitzaiola inoiz hiltegia axola izan, eta benetako asmo bakarra instalazioa ixtearekin ados ez zegoen sektore baten botoak lortzea zela".
Gaia azken udalbatzan atera zuen EAJk eta Esti Gorostiaga zinegotziak azaldu zuen Belardi Haragi Eraldaketarako Zentroarekin ahozko konpromisoa hartu zutela hauteskunde kanpainan eta funtzionatzen hasten denean (EH Bilduko ordezkariak aipatu zuen martxoan izan daitekela), egikaritzeko asmoa dutela.