ERASO MATXISTA KIROLDEGIAN

"Hemen batzera ekarri gaituena ez da zerbait isolatu edo salbuespenekoa, egunerokoan bizi dugun biolentzia baizik"

Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 23:37

Dozenaka lagun batu dira Laudioko Granja kiroldegian jazotako eraso matxista salatzeko. 

"Beste eraso matxista bat salatu da asteburuan Laudion, honako honetan kirolaren esparruan. Hau ezin da onartu. Ezin gara lasai joan eskolara, lanera, entrenatzera edo partida bat ikustera". Hala salatu du Laudioko Mugimendu Feministak gaur iluntzean eginiko elkarretaratzean. 

Dozenaka lagun batu dira asteburuan Granja kiroldegian jazotako eraso matxista salatzeko eginiko protestara, Alberto Acero plazan. "Berriro ere plaza honetan gaude, oinak gelditu behar dizkiegulako", aldarrikatu dute Mugimendu Feministako kideek, "gure gorputzak ez dira zuen inguruan zuen disfruterako kokatutako objektuak. Aski da!".

Mugimendu Feministako kideek aitortu dute "poztu" egin direla eskubaloi taldearen jarrerarekin, baina gaineratu dute beharrezkoa dela baita posizionatzea eta kaleetan ere jarrera matxista oro salatzea

Elkarretaratzearen deitzaileek nabarmendu dute larunbateko ez dela kirolaren esparruan emandako eraso bakarra. "Ezagunak dira Euskal Herriko beste herri batzuetan salatzen ari diren egoerak, eta Laudioko beste klub batzuetan ere salatu izan direnak". Horri lotuta, nabarmendu dute Laudioko kirol elkarte gehienen zuzendaritzak gizonezkoek osatzen dituztela, eta emakumeen klubak bigarren maila batean geratzen direla gehienetan, "batzuk euren klub propioak eratzeko beharra izateraino". 

Hala ere, Mugimendu Feministako kideek aitortu dute "poztu" egin direla "eskubaloi klubaren jarrera berehalakoa izan zela eta erasotzailea espaziotik eta testuingurutik kaleratua izan dela ikustean". Baina, era berean, gaineratu dute hori ez dela nahikoa, eta beharrezkoa dela "posizionatzea eta kaleetan ere herriarekin batera jarrera matxista oro salatzea".

Era berean, salatu dute komunikabide batzuek erasoak baliatzen dituztela "morboa" sortu eta albistea handitzeko. Horren aurrean, argi esan dute: "Hemen batzera ekarri gaituena ez da zerbait isolatu edo salbuespenekoa, egunerokoan bizi dugun biolentzia baizik". 

Gauzak hala, iritzi dute "asko geratzen dela" egiteke, "baina asko gara eta geroz eta arinago mozten ditugu erasoak". Hala amaitu dute irakurketa: "Egunerokotasunean jasaten ditugu erasoak, eta horrek beste batzuek egunerokoan erasotzen dutela esan nahi du, ez dezagun ahaztu. Beraz, haiek gelditu arte, gu ere ez gara geldituko. Gora borroka feminista!". 

Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya eta Txabi Alvarado Bañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide