Herri txiki infernu handi ETB-1eko umore saioa da, dudarik gabe, euskal telebista publiko katearen ekoizpen arrakastatsuenetako bat, eta bihar Laudion grabaketa egingo du Institutuan 19:30ean.
Ohiko prozedura jarraiki, hainbat laudioar elkarrizketatu ondoren, solasaldi horien proiekzio publiko batekin amaituko dute udalerriari eskainitako atalaren grabaketa.
Bideo horiek Mikel Pagadi eta Miren Nogales aurkezleen bakarrizketekin eta Sebastian Lizasoren bertsoekin tartekatuko dituzte. Nahi duenak parte hartu dezake ekitaldi ireki umoretsuan.
Ez da izango Herri txiki infernu handi Aiaraldera bertaratzen den lehen aldia, aurretik Aiaran, Artziniegan, Arrankudiaga-Zollon edota Orozkon egon baitira.