Zuzendari hasi berri onenaren eta gidoi onenaren Goya sariak esku artean dituela itzuli da etxera Esti Urresola zinemagilea. Duela urtebete Berlineko Nazioarteko Zinema Jaialdian abiatutako bide arrakastatsuan mugarri berria jarri du zinemagile laudioarraren lehenengo film luzeak. Zuzendariak lortutako bi sariak ez ezik, hirugarren estatuatxo bat ere etxeratu zuen 20.000 especies de abejas filmak, Ane Gabirainek irabazitako aktore zerrendako onenaren Goya saria.
Opera prima batek inoiz izandako izendapen kopuru handienarekin -15- abiatu zen Urresolaren lan-taldea Valladolideko sari banaketara. Espainiako Zinema Akademiak, ordea, Juan Antonio Bayonaren La Sociedad de la Nieve goraipatu du gehien, film onenaren sariarekin, besteak beste.
Gazako sarraskia gogoan
Urresolak Palestinako herritarrak izan zituen gogoan bere lehenengo hitzartzean, paparrean Gazaren aldeko pegatina bat jantzita zuela. Sortzaile laudioarrak azaldu zuen gauzei dagokien izena emateak duen garrantziaz jarduten duela 20.000 especies de abejas filmak; eta, modu berean, Israelek Gazako herritarren aurka darabilen sarraskiari ere genozidioa deitzea eskatu zuen.
Babesa Laudiotik
Zinemagile laudioarrak herrikideen babesa eta berotasuna jaso zuen bart. Urresolak berak Laudioko bizilagunen berotasuna eskertu zuen gidoi onenaren saria jasotzerakoan. Hain zuzen ere, Laudioko Udalak sari banaketa ekitaldia zuzenean jarraitzeko pantaila erraldoia jarri zuen Alberto Acero enparantzan, eta Urresola animatzeko milaka pegatina banatu zituen herritik. Asko eta asko izan ziren ere bere burua erlez mozorrotu zutenak, ostalari eta komertzio ugari tartean.