Uxue Alonso laudioarrak debut aparta izan zuen larunbatean Lasesarreko kirol azpiegituretan Zuazo Eskubaloi Klubarekin. Laudioarrak etekin handia atera zion jokatutako minutuei eta hiru gol egitea lortu zuen. Modu horretan, bere alea jarri zuen taldeko garaipenean CICAR Lanzarote Ciudad Arreciferen kontra, 26-19 irabazi baitzuten.
Alonso Zuazoko filialeko jokalaria da eta larunbateko partidarekin eskubaloiko bigarren mailan aritu da jadanik. Zuazo talde historikoa da kirol horretan eta aurreko denboraldian maila gorenetik jaitsi eta gero, egun sailkapenaren buruan dago eta igoera automatikoa eskuratu dezake.
Alonsoren bosgarren denboraldia da hau Barakaldon baina Laudio Eskubaloi Taldean trebatu zen jokalari gisa. Horrez gain, Euskal Selekzioan ere hautatu dute.