Osasun Sailak adierazi du izandako bileraren ikuspegi partziala zabaldu duela Laudioko Udalak

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 19a, 15:30

Gotzone Sagardui Osasun Sailburua Laudioko anbulatorio berria iragartzeko eginiko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oharra zabaldu du Laudioko Udalak egindako adierazpenak baloratzeko. Bere ustez, tokiko erakundearen bertsioa partziala da.

Otsailaren 14an bilera egin zuten Laudioko Udalak eta Osakidetzako hainbat arduradunek. Ainize Gastaka alkatea, Alvaro Barrios lehen alkateordea eta Nagore Gomara Zeharkako Politiken zinegotzia bildu ziren Osasun Saileko sailburuarekin, Gotzone Sagarduirekin, sailburuaren kabineteburuarekin, Imanol Zuluaga Zamalloarekin, eta Osakidetzako zuzendariarekin, Rosa Perez Ezquerdorekin.

Udal gobernu taldeko kideek hurrengo egunean egin zuten batzarraren balorazioa eta azaldu zuten, euren iritziz, ez zela emaitza positiborik egon.

Bere aldetik, Osasun Sailak oharra zabaldu du salatzeko Laudioko Udalak bertsio partziala eskaini duela. Hain zuzen, osasun erakundeak argudiatu du ordezkariak identifikatu zituela bien arteko komunikazio bizia egoteko, Udalaren eskaerari erantzunez.

Medikua Etengabeko Arreta Gunean?

Laudioko Udalak gogor salatu zuen beste puntu bat izan zen Osakidetzak ez zuela konpromisorik hartu larrialdi zerbitzuetan medikua egon dadin beti. Horren aurrean, honakoa adierazi du Osakidetzak: "Osasun Sailarentzat garrantzitsua da bermatzea osasun erantzuna egotea edozein kasuan, medikua egon edo ez, une jakin batean, eta arreta hori bermatuta dago".

Zehazki, azalpen hori honako adierazpenekin osatu du osasun erakundeak: "Osasun Sailak Laudioko Udalari gogorarazi zion, askotan azaldu den bezala, ez dagoela familia-medikuntzako espezialista nahikorik Osakidetzak eskaintzen dituen plaza guztiak betetzeko; horregatik, Osasun Sailaren erantzuna izan zen Laudioko Etengabeko Arreta Guneetarako pertsona bat kontratatzeko prest dagoen bitartean, egingo dela, Osakidetzako protokoloetan EAG hori lehentasunezko zentroa delako. Medikuntzako lanpostu bat bete ezin denean, arreta erabat bermatuta dago gainerako osasun-sarean: etxeko arreta, gertuko EAG, anbulantziak eta larrialdietako helikopteroa eta ospitaleko larrialdiak".

Larrialdien informazioa

Azkenik, Osasun Sailak aipatu du protokoloa eta aplikazioa prestatzen ari dela anbulatorioen eta Etengabeko Arreta Guneen gaineko informazioa eskaintzeko herritarrei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide