Gotzone Sagarduirekin izandako bilerak ez zuenez "emaitza positiborik utzi", Laudioko Udalak Aiaraldeko beste tokiko erakundeekin bultzatuko du ekimena

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 15a, 13:52

Mobilizazioak egon ziren urtarrilean salatzeko 42 urteko gizon bat hil zela Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez zegoenean. / Aiaraldea.eus

Laudioko Udal Gobernu Taldeak salatu du Osasun Saileko buruak ez zituela erantzun mahai gainean jarritako arazoak. Hori ikusita, Aiaraldeko gainerako udalekin eta Arabako Sendagileen Elkargoarekin elkartuko da tokiko erakundea.

David Hernandez laudioarraren heriotzaren harira, Laudioko Udaleko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunak elkartu ziren atzo Bilbon. Izan ere, urtarrilaren 12an zendu zen 42 urteko gizonezkoa Laudioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean, mediku baten laguntza jaso gabe.

Bilerari dagokionez, Osasun Saileko sailburuarekin, Gotzone Sagarduirekin, sailburuaren kabineteburuarekin, Imanol Zuluaga Zamalloarekin, eta Osakidetzako zuzendariarekin, Rosa Perez Ezquerdorekin, batu ziren Ainize Gastaka alkatea, Alvaro Barrios lehen alkateordea eta Nagore Gomara Zeharkako Politiken zinegotzia.

Laudioko anbulatorioaren egoera aztertzea izan zen hitzorduaren helburua. Tokiko erakundeko ordezkariek hiru gai jarri zituzten mahai gainean, prentsa ohar batean adierazi dutenez: "Etengabeko Arretako Gunean (EAG) medikuen presentzia bermatzea, pertsonal medikurik ez dagoenean herritarrei behar bezalako informazioa ematea, eta Osakidetzarekin hitz egiteko lerro bat ezartzea, Laudiorako proiektatutako anbulatorio berrian giza baliabideen eta zerbitzuen hornidura egokia bermatzeko".

Erantzunik ez

EH Bilduk eta Omniak osatzen duten gobernu koalizioak zabaldu du Osasun Sailak ez ziela erantzun egindako aldarrikapenei, eta "etsipena" adierazi du horregatik.

Erantzun bateratua eskualdean

Ainize Gastaka alkateak honakoa azpimarratu du: "Laudion eta eskualdean zerbitzua ziurtatu behar dugu. Erreferentziazko anbulatorioa izango gara eta osasun langileez gain medikuen presentzia bermatu behar dugu". Horregatik, hain zuzen, Aiaraldeko tokiko erakundeen erantzun bateratua sustatuko du Laudioko Udalak.

Hasteko, bilera egingo dute inguruko udalekin, euren kezkak partekatzeko. Horrez gain, Arabako Sendagileen Elkargoarekin ere harremanetan jarriko dira: "Izan ere, atzo bertan, elkargoa kezkatuta agertu zen Osasun Administrazioak urtarrilaren 12an Laudion gertatutakoari emandako erantzunaren ostean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide