Arrasateko Assata funk taldeak Oasia diskoa aurkeztuko du Faktorian larunbatean. 22:00etan igoko dira oholtzara eta abesti dantzagarriak partekatuko dituzte publikoarekin. Zortzi abestiko lana plazaratu du bandak, sintetizadorea, kitarra, baxua, bateria eta ahotsa baliatuta, eta letra zorrotzak baztertu gabe.
Hori baino lehen, Dantzatu, madarikatuok! diskoa plazaratu zuten eta, ondorioz, kanta sorta oparoa izango dute Faktoria erro beltzezko musikaz zipriztintzeko.
Interesdunek bi bide izango dituzte kontzertuan parte hartzeko. Alde batetik, zuzenean sarrera erosi daiteke hemen (8 euro bazkidea ez bazara eta 6 bazkide izanez gero). Bestetik, Aiaraldea Komunikabideak egingo duen zozketan izena eman daiteke, hemen. Ostiralera arte egongo da horretarako tartea eta bi sarrera bikoitz eskuratzeko aukera egongo da.