Espainiako Kickboxing Txapelketatik lau domina ekarri dituzte Laudiora asteburuan

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 28a, 15:55

Ezkerretik eskuinera, Markel Marcos, Jon Perez eta Julen Nacarino. Euren atzean, Iker Blanco Pikaza entrenatzailea./ Aiaraldea.eus

Road to Glory Espainiako Txapelketako ligaren jardunaldia lehiatu zen Laredon. Markel Marcosek bi domina eskuratu zituen bertan, eta bana Julen Nacarinok eta Jon Perezek.

Pozik daude Markel Marcos, Jon Perez eta Julen Nacarino asteburuan Laredon izandako esperientziarekin. Hirurek parte hartu dute Espainiako Kickboxing Txapelketan, eta lau domina bereganatu dituzte orotara. Marcosek urrezko bi sari jaso zituen 57 kilo azpiko kategorian kick light eta light contact diziplinetan, Jon Perezek zilarrezko domina irabazi zuen 63 kilo azpiko kick light kategorian eta brontzezkoa Julen Nacarinok, 79 kiloko kick light kategorian.

Hirurentzat lehen esperientzia ofiziala izan da, nahiz eta Jon Perezek behin parte hartu zuen Open batean. Perez eta Nacarino Hajime klubekoak izan dira aurretik eta bost urtez praktikatu dute kirola. Marcosek, aldiz ,duela urtebete baino gutxiago ezagutu zuen kickboxinga.

Euren lorpenak balioan jarri ditu Iker Blanco Pikaza entrenatzaileak: "Markelek duela 11 hilabete baino ez du entrenatzen. Julen Nacarinok hiru borroka izan zituen egun berean eta azkena lesionatuta egin zuen. Beraz, brontze horrek urrezko zaporea dauka. Jon Perezek, bere aldetik, Espainiako Txapeldunaren kontra galdu zuen finala eta aurkaria guztiz ezustean harrapatu zuen".

Sakrifizioa, baina sari handia

Hiru laudioarrek entrenatzen dute Mecca Gymen, eta Iker Blanco Pikazak proposatu zien txapelketan izena ematea. "Nire arrebarekin parte hartu dut hainbat txapelketetan eta prest zeudela uste nuen", argitu du prestatzaileak.

Gauzak horrela, azken hiru hilabeteetan borrokak prestatu dituzte eta horrek barne hartzen du pisua egokitzea. Markel Marcosek bi kilo galdu ditu azken asteotan, Jon Perezek bost kilo eta Julen Nacarinok sei kilo. "Gogorra izan da fisikoki eta psikologikoki, baina oso prest heldu gara txapelketara, ni oso ondo sentitu naiz nire buruarekin eta emaitzak oso positiboak direla uste dut", azaldu du Nacarinok berak.

Giro polita eta kickboxing inklusiboa

Laudioko borrokalarien zapore onak, emaitzekin ez ezik, txapelketan nagusi zen giroarekin ere zerikusia dauka. "Oso gertuko harremanak ziren, senideen artean egongo bagina bezala", adierazi du Jon Perezek.

"Guztiok genuen amets bera, eta nabaritzen zen", nabarmendu du Marcosek. Julen Nacarinok ere azpimarratu du irribartsu borrokatu zela bere aurkariarekin, entrenamendu bat izango balitz bezala.

Horrez gain, 600 parte hartzaileen artean kickboxing inklusiboa ere egon zen. "Interesgarria izan da ikustea gurpildun aulki batean dagoen jendea borrokatzen ikustea. Oso ondo egiten zuten", erantsi du Markel Marcosek. "Bai, erakutsi zuten ez dagoela aitzakiarik kirola ez egiteko", erantzun dio Perezek.

Eskarmentu polit horrekin, hirurek helburu berria daukate buruan: martxoaren 9an Donostian jokatuko den Buddha Kopa, hain zuzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide