Itxaso Escondrillasek brontzezko domina eskuratu zuen Espainiako Atletismo Master Txapelketan, lesionatuta egon arren

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 7a, 12:30

Itxaso Escondrillas Donostiako podiumean. / Gipuzkoako Atletismo Federazioa

Atleta laudioarrari zapore gazi-gozoa utzi dio emaitzak, uste duelako hobeto lehiatzeko gaitasuna duela. Orain lesioa nola konpondu aztertzen ari da.

Martxoaren 1ean lortu zuen Itxaso Escondrillasek 3.000 metroko lasterketako brontzezko domina Donostian. Han lehiatu zen Espainiako Atletismoko Master Txapelketa eta egunek pasa ahala gusturago badago ere, laudioarrak amorratuta bukatu zuen proba, nahiz eta podiumera igo.

Izan ere, prestaketa gorabeheratsua izan du atletak. "Berandu hasi dut denboraldia. Irailean Europako txapelketa batera joan nintzen eta mina hartzeaz gain, COVIDean positibo eman nuen", azaldu du.

Irailean lesioa izan zuen Itxaso Escondrillasek eta berandu hasi ditu entrenamenduak. Otsailean ere mina sentitu zuen zango batean.

Lesio horren ondorioz, hiru hilabete igaro zituen Escondrillasek entrenatu barik. "Urtarrilaren 1ean ekin nion berriro prestakuntzari eta nire entrenatzailearekin adostu genuen Espainiako Txapelketarako prest egoten saiatuko nintzela", nabarmendu du laudioarrak.

Plan aldaketak minaren ondorioz

Berez, iaz Espainiako Txapelketan uzta oparoa izan zuen korrikalariak, 800 metroko urrezko domina eta 1.500 metroko zilarrezkoa, baina aurten prestaketa fisikoa beranduago hasi duenez, diziplina bakarrean aritzeko asmoa zuen, 1.500 metrokoan, alegia.

Dena den, Donostiako hitzordurako lau aste falta zirelarik, Itxaso Escondrillas hasi zen mina nabaritzen zango baten bikian. Horrek azterketa medikuak egitera eraman zuen: "Ekografia egin zidaten eta ez zuten ezer topatu. Fisioterapeutarekin lortu nuen mina desagertzea, baina txapelketarako aste bakarra falta zenean, berriro sumatu nuen mina".

"Txapelketarako aste bakarra falta zenean, berriro sumatu nuen mina"

Lesioak plan aldaketa behartu zuen. "Ostegunean bertan, fisioterapeutarekin egon ostean, erabaki nuen ez nengoela 1.500 metrotan lehiatzeko sasoian. Ezin nuen indar guztia egin eta, ondorioz, 3.000 metroko proban eman nuen izena", argitu du kirolariak.

Donostian gustura

Gorabehera horiek bazuten lotura txapelketa lehiatuko zen tokiarekin. "Niretzat Donostian korrika egitea etxean egitea bezalakoa da. Beste leku batean izan balitz, ez nukeen ahalegina egingo, baina etxean egin nahi nuen", aitortu du Escondrillasek.

Gauzak horrela, ostiralean 3.000 metroko lasterketaren irteeran kokatu zen eta proba hastean nabaritu zuen bikian min gutxiago zuela. Dena den, ezin izan zituen bere indar guztiak erre eta lehenengoen erritmoa jarraitzera mugatu zen. "Banekien indar guztiekin aurrera eginez gero, lesioa eragingo nuela hankan", hausnatu du laudioarrak.

Azkenean, tokiko atletak hirugarren zeharkatu zuen helmuga eta brontzezko domina bereganatu zuen. Lehenengo egunak amorru apur batekin igaro ditu Escondrillasek, uste baitzuen emaitza hobeak lortzeko gaitasuna zuela, baina denbora pasa ahala baloratu du egindakoa.

Orain, lesioaren jatorria bilatzeko prozesuari ekin dio medikuekin eta espero du laster tratamendua izatea eta entrenamenduetara itzultzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide